ERRESUMA BATUA

Herritarrei nortasun agiria ezartzeko probak martxan jarri ditu Londresek

Erredakzioa
2004ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Erresuma Batuak herritarrei nortasun agiria ezartzeko probak abian jarri zituen atzo. Britainiarrek ez dute nortasun agiririk izan 1952an Winston Churchillen gobernuak indargabetu zituenetik. Teknologia handiko txartelak izango dira eta, besteak beste, herritarraren aurpegiaren erradiografia, irisaren inguruko datuak eta hatz markak bilduko ditu.

Erresuma Batuko Barne ministro David Blunkettek azaldu zuenez, 10.000 bolondres hasi ziren atzo nortasun agiriok ezartzeari begira teknologia probak egiten. Gobernuak urte amaieran lege egitasmoa aurkezteko asmoa du Legebiltzarrean eta 2007. urtera arte hauteskunde orokorrak egin eta gero ez dira martxan jarriko borondatezko nortasun agiriok. Derrigorrezko nortasun agiria ezartzeko erabakia, berriz, 2013. urtean hartuko da eta soilik Gobernua eta Legebiltzarra horren alde agertzen badira. Bitartean, datu berri horiek pasaporte eta gida-baimenean sartzen hasiko dira eta 2013rako herritarren %80ek bere agirietan izango dituztela aurreikusten da.

Delituak borrokatzeko «ekarpena»

Blunkett Barne ministroaren ustez, nortasun agiria ezartzeak ez du «terrorismoaren arazoa konponduko», ez eta segurtasuna bermatuko ere, «baina ekarpena» izango da. Neurriak legez kanpoko immigrazioa eta zerga iruzurra borrokatzen ere lagunduko duela uste du Blunkettek. Nortasun agiri faltsua izateagatik orain artean delitu arina zena 10 urteko kartzela zigorra ezarriko dute hemendik aurrera, Barne ministroak azaldu zuenez.

Gobernuaren aldetik nortasun agiria ezartzeko asmoak polemika piztu du Erresuma Batuan. Askatasun zibilen aldeko hainbat eragile eta diputaturen ustez, derrigorrezko agiriok ezartzea herritarren pribatutasuna urratzen duen neurria da. 60 milioi herritarren inguruko datuak biltzeko asmoa du Gobernuak egitasmoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.