ERRUMANIA

Herritarrek karguan utzi dute Errumaniako presidentea

Bigarrengoz, Traian Basescu presidentearen aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin Errumanian, partaidetza ez delako iritsi derrigorrezko gutxiengora (%50). Botoen %97 zenbatuta daudela, herritarren partaidetza %46,13koa izan da; hautesle gehienek Basescuren aurka egin dute.

2012ko uztailaren 30a
15:33
Entzun

Traian Basescu presidente kontserbadorea kargutik kendu edo ez erabakitzeko erreferendumean baiezkoak irabazi du, baina iragan apirilean ezarritako zentsura mozioak ez du aurrera egingo, herritarren partaidetza eskasaren ondorioz. Duela bost urte ere kinka berean egon zen Basescu, baina herritarrek karguan utzi zuten orduan ere. 

Botoen %97 zenbatuta daudela, herritarren partaidetza %46,13koa izan dela jakinarazi du Hauteskunde Bulegoak. Erreferenduma baliagarri izateko, baina, boto eskubidea duten herritarren erdiek baino gehiagok eman behar dute boza; eta baldintza hori ez da bete. Hain zuzen, PDL Alderdi Demokratiko Liberala kontserbadoreak erreferenduma boikotatzeko deia egin zien aurretik hautesleei, parte hartzea %50era ailega ez zedin.

Ondorioz, Basesku presidente kontserbadoreak boterean jarraituko du 2014 arte; nahiz eta zenbatutako botoen %87 koalizioa osatu duten alderdi sozialdemokrata eta liberalen alde agertu. Basescuri epaileei presio egitea eta konstituzioa urratzea leporatzen diote. 

Azken hilabeteotan lehia politiko bizia piztu da sozialdemokratek eta liberalek osatutako koalizioaren eta kontserbadoreen artean, krisi ekonomikoaren harira eskuindarrek hartu dituzten neurriak direla eta. Azken batean, Europako beste herrialde batzuetako eztabaidaren parekoa sortu da, bi ikuspegi aurrez aurre jarrita: eredu publikoagoa, neoliberalaren aurka.

Basescuren inguruko galdeketa, azaroko legebiltzarrerako hauteskundeei begira, bi ereduek duten sostenguaren neurgailua ere izan da. Troikak jarritako bidearen kontrako neurriak hartuko dituela agindu du gobernuak, eta, dirudienez, herritarrek konfiantza erakutsi diote. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.