Hamar pertsona hil dira azken orduetan Venezuelan izandako borroketan. Oposizioak deitutako protestetan piztu dira borrokak. Iruzurtzat jo baitituzte Batzar Konstituziogilea aukeratzeko egindako bozak, eta gobernuak emandako datu ofizialak gezurtatu dituzte, esanez parte hartzea %12koa izan dela. Ordea, oso bestelako datua eman du Hauteskunde Batzorde Nazionalak. Haren arabera, hamar herritarretik lauk —%41,53k— hartu dute parte hauteskundeetan.
Batzordeko presidente Tibisay Lucenak txalotu egin du herritarren "ausardia", prozesu guztian jasandako "mehatxuak" kontuan izanik. "Zailtasun ugari izan ditugu gaurko egunean, baina oztopo horiek guztiak gainditu ditugu, eta esan genezake emaitza benetan baikorra izan dela. Haren arabera, 22:00 arte zabalik egon ziren hautetsontziak, mendebaldeko zenbait herritan horiek tokiz aldatu behar izan zituztelako "indarkeria" saiheste aldera.
Emaitzarekin indartuta irten da jendaurrera Nicolas Maduro presidentea bera ere, eta ohartarazi du "behar izanez gero" Batzarrak neurriak hartuko dituela diputatuen, fiskaltzaren edota komunikabide pribatuen aurka. "Burgesia parasitarioaren kontra egingo du ekonomia krisia amaitzeko, eta fiskaltzaren zuzendaritza hartuko du justizia egon dadin".
Komunikabide pribatuek bozei emandako trataera ere gogor gaitzetsi du estatuburuak, eta "delituaren apologia" egitea egotzi die. Horren haritik, oposizioak gehiengoa duen parlamentuaren jarrera ere kritikatu du, eta azken hilabeteotan piztutako liskarren aurka ezer ez egitea egotzi dio.
Batzarra, lanerako prest
Ezustekorik ez bada, asteartean aukeratuko dituzte Batzar Konstituziogilean tokia izango duten zortzi ordezkari indigenak. Behin horiek aukeratuta, lanean hasiko litzateke erakundea —guztira, 545 ordezkari izango ditu—. Konstituzio berri bat osatzea izango da haren lana, eta baita justizia erreformatzea ere. Maduroren iritziz, beharrezko urratsa da hori.
Ordea, oposizioak salatu du "diktadura betikotzea" dela gobernuaren helburua. Ez dira iritzi hori duten bakarrak. Bozen emaitzak jakin eta berehala, aurretik esandakoa berretsi, eta Konstituziogilea ez dutela onartuko esan dute hainbat estatuk, besteak beste, Kolonbiak, Mexikok, AEBek eta Espainiak.
Badira, ordea, Madurori babesa agertu dioten estatuburuak ere. Boliviako presidente Evo Moralesek, esaterako, oposizioaren erasoak salatu ditu sare sozialetan: "Nazioarteko Zigor Auzitegian epaitu behar dituzte Venezuelako indarkeria antolatu eta finantzatzen dutenak eta inperialismoaren aurkako chavistak bizirik erretzen dituztenak"
Quienes organizan y financian violencia que atenta en Venezuela y queman vivos a chavistas antiimperialistas deben ser juzgados en la CPI.
— Evo Morales Ayma (@evoespueblo) 2017(e)ko uztailak 30
Errusiak ere errespetua eskatu du igandeko erreferendumaren emaitzak ikusita, eta Venezuelako Gobernuaren gain presio gehiago ez egiteko eskatu du. "Gizartearen polarizazioa" eragiten duten jarrerak bazter uzteko eskatu dio Errusiako Atzerri Ministerioak nazioarteko komunitateari: "Orain, garrantzitsua da indarkeria espiral bat saihestea". Batzar Konstituziogileak herrialdean existitzen diren "kontraesanak" modu baketsuan bideratu behar dituela, eta horretarako atzerrian nahiz herrialdean baldintzak sortu behar direla adierazi du Errusiak.
Nazio Batuen Erakundeak, aldiz, kezka agertu du mobilizaziorako eskubidea murriztuta dagoela sumatzen duelako Venezuelan.