Istilu handirik gabeko hauteskunde eguna izan zen atzo Pakistanen. Arratsaldeko bostetarako itxi zituzten bozkaleku gehienak, atentatuen beldur, herritarrek boza ahalik eta azkarren ematea baitzuten helburu agintariek. Segurtasun neurri zorrotzak ezarriagatik ere, legebiltzarkideak aukeratzera deituta zeuden 80 milioi herritarretatik asko ez zen joan botoa ematera. Hala, Pakistango ikuskatzaileen arabera, abstentzioa handia izan zen -herritarren %42k bozkatu zuten - . Herritarren parte-hartze txikiak Pervez Musharraf presidentearen alderdiari mesede egingo diola uste dute adituek.
1999an estatu kolpea egin eta Musharrafek agintea eskuratu zuenetik herrialdean egiten diren lehenengo hauteskunde demokratikotzat jo dituzte atzokoak. Oposizioa hauteskunde iruzurraren beldur da, ordea, eta bozak garbiak ez badira, Gobernuaren aurka protesta egiteko asmoa agertu du. Musharrafek, ordea, halako protestak ez dituela onartuko aurreratu du, eta hauteskundeetan lortutako emaitzak errespetatzeko eskatu die alderdi guztiei.
HIRU ALDERDI NAGUSIAK. «PPPren patua da hauteskundeak irabaztea. Garaipenaren ondoren sistema aldatuko dugu». Asif Ali Zardari Pakistango Herriaren Alderdiko (PPP) buruzagi eta Benazir Bhuttoren alargunak garaipena bere gain hartu du. Bhutto iragan abenduan hil zuten atentatuan, eta ordutik, bera buru zuen alderdiak kanpainaren protagonista eta alderdiaren ikono bihurtu du. Hain zuzen, Bhuttoren heriotzak alderdia indartu eta hauteskundeetan emaitza onak lortzeko aukera ireki duela uste dute adituek.
AEB Ameriketako Estatu Batuetako hainbat taldek egindako inkesten arabera, hauteskundeak garbiak badira, Bhuttoren alderdiak eskuratuko du garaipena. Ondoren PML-N Pakistango Liga Musulmana-Nawaz alderdiak--Nawaz Sharif da alderdiko buruzagia-- eskuratuko ditu boto gehien. PML-Q Pakistango Liga Musulmana-Quaid-e-Azam alderdia (Musharrafen alderdia) hirugarren kokatzen dute inkestek. Abstentzioak, baina, azken honen alde joko duela uste da.
Pakistango landa eremuetan ere PML-Q alderdiak du sostengu handiena.
HAUTESKUNDE IRUZURRA. «Konfrontazioa gainditu eta adiskidetzea lortzera zuzendu behar ditugu indarrak», adierazi du Musharrafek. Iruzurrik egin izana ukatu du, gainera, eta bozetan lortutako emaitzak errespetatzeko konpromisoa hartu du: «Bozak irabazten dituen alderdia edozein dela ere, presidentearen sostengu osoa izango du». Oposizioko alderdiek irabazten badute, «harrokeriarik gabe» jokatzeko, eta galduz gero, «elegantziaz emaitzak errespetatzeko» eskatu die.
Besteak beste, terrorismoaren aurkako borrokan AEBen aliatu izaten jarraitzeko, baita armagintza nuklearraren gaineko kontrola beregain mantentzeko ere, Parlamentuaren sostengua behar du Musharrafek. Horregatik, kosta hala kosta, bozak irabazi behar ditu bere alderdiak. Iaz armadako buruzagitza utzi eta herrialdeko presidente kargua eskuratu zuen. Aurrez, herrialdeko desoreka aitzaki, salbuespenegoera indarrean jarri zuten.
Bhutto lehen ministro ohiaren hilketaren ondoren, Legebiltzarrerako bozak atzeratzea erabaki zuen, ordea, Gobernuak. Ordutik, hauteskundeak manipulatzea egotzi diote PPPk eta oposizioko gainerako alderdiek. «PPPri eman behar diot nire botoa. Iruzurra egiten badute, erantzun gogorra emango dugu», adierazi du, besteak beste, Munir Ahmed Tariq botoa ematera joan den herritar batek. Emaitza jakin eta datozen egunetan liskarrak pizteko arriskua handia dela uste dute agintariek, horregatik, alerta maila gorena mantentzen erabaki du Gobernuak bihar arte.
Bestalde, bozak garbiak izan daitezen, nazioarteak ikuskatzaileak bidali ditu Pakistanera. John Kerry AEB Ameriketako Estatu Batuetako senatariaren ustez, une erabakiorra da Pakistanek bizi duena, eta azken hilabeteetako gatazkak gainditu eta demokraziarako bidean aurrerapausoak egiteko apustuari heldu behar dio: «Pakistanen hauteskunde sinesgarriak egiteko gai dela erakutsi behar dio mundu osoari».
ERASOAK. «Beldurrez gaude, baina zer beste egin dezakegu? Nire etxetik irten naiz gaur goizean, eta Jainkoari onik itzuli nadin eskatu diot. Orain Jainkoaren esku nago». Hauteskundeetako antolatzaile batek egindako adierazpenak dira horiek. Izan ere, bozkalekuetara joandakoen aurka eraso egingo zuten beldur ziren atzokoan.
Eguna istilu handirik igaro bazen ere, herenegun eta atzo artean hainbat eraso egin zituzten. Besteak beste, PPP alderdiak bere alderdiko hamabost militante hil zituztela ziurtatu zuen, nahiz eta beste iturri batzuek gutxienez bederatzi lagun hil zituztela zioten; horien artean, Sharifen alderdikide bat. Erasoen beldur herritar askok ez bozkatzea erabaki zuen.
«Bozak irabazten dituen alderdiak irabazten dituela, presidentearen sostengu osoa izango du»
pervez musharraf
pakistango presidentea
«PPPren patua da hauteskundeak irabaztea. Garaipenaren ondoren sistema aldatuko dugu»
asif ali zardari
oposizioko ppp alderdiko buruzagia
«Pakistanek hauteskunde sinesgarriak egiteko gai dela erakutsi behar dio mundu osoari»
john kerry
aeb-etako senataria eta ikuskatzailea
Herritarren parte-hartzea txikia izan da Pakistango hauteskundeetan
Legebiltzarrerako bozak segurtasun neurri handiekin eta istilu handirik gabe egin dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu