Joera islamistakoa eta inoiz alderdi politiko bateko kide izan bakoa izango da Egiptoko hurrengo lehen ministroa: Hesham Qandil aukeratu du gobernuburu Mohamed Mursi Egiptoko presidenteak, karguaren zina egin eta 25 egunera. Iazko uztailaren 21az geroztik, Hosni Mubarak agintetik kendu osteko behin-behineko bi gobernuetan Uraren ministro izan da Qandil: Essam Xaraf eta Kamal Ganzouri lehen ministroen gobernuetan. Yasser Ali Egiptoko presidentearen bozeramaileak azaldu du Mursik zergatik eman dion Qandili gobernu berria osatzeko ardura: gaur egungo egoera «gaitasunez eta eraginkortasunez» administratzeko egokiena delakoan dagoelako.
Mursiren agindua jaso bezain laster, gobernua «egun batzuk barru» osatuko duela iragarri du, eta teknokratez osatuta egongo dela. Ministroak aukeratzerakoan kontuan hartuko duen irizpide nagusia bakoitzak dagokion arloa gidatzeko erakutsitako gaitasuna izango da, Qandilen arabera. Bere bide orria zein izango den ere argitu du: Mubarak boteretik botatzea lortu zuen iraultzaren helburuak eta Egiptoko herritarren nahiak betetzea. Era berean, Mursik hauteskundeetara aurkeztutako programa beteko duela ere agindu du lehen ministro berriak. Aginteko lehenengo ehun egunetan honako arazo hauek konponduko zituela agindu zuen Mursik: segurtasuna berreskuratzea, matxinadaz geroztik okerrera egin baitu;erregaiaren eta ogiaren urritasunak eragindako krisia kopontzea —estatuak diru laguntzak ematen ditu horiek erosteko—; trafikoaren arazoa eta kaleen garbiketarena konpontzea, eta uraren hornidura zein osasun sistema hobetzea.
Ministro guztiak berak aukeratuko dituela adierazi du Qandilek prentsaurrekoan, baina gaineratu du Mursik izango duela azken berba. Dena dela, ez dago argi nork proposatuko duen Defentsa Ministerioko arduradun berria. Qandilek ez du izendapen horretan askorik sakondu nahi izan, eta azaldu du Mursi harremanetan dagoela Junta Militarrarekin Defentsa ministroaren izendapena adosteko. Une honetan Indar Armatuen Kontseilu Goreneko buru Mohamed Hussein Tantawi mariskalak betetzen du kargu hori.
Bestalde, Mohamed Ibrahim orain arteko Barne ministroak trantsizio gobernuan egindako esfortzua goraipatu du Qandilek. Nolanahi ere, ez du ministerio horren lan osoa babestu, herrialdeko hiri nagusietako kaleetan izan beharreko segurtasunaren eta egonkortasunaren arloan oraindik ere asko baitago egiteko haren ustez.
Egipton hasi den garai berriaren arrakastaren gakoa «ezadostasunak konpontzea eta presidentearen inguruan batzea» izango da lehen ministroaren arabera. «Erronka ugariri aurre egin behar dio herrialdeak: ekonomikoari, ingurumenarenari eta gizartearenari. Garai zaila daukagu aurrean», aitortu du Qandilek, baina agindu du ustelkeriaren kontra lan egingo duelaeta ekoizpena bultzatuko duela.
Soslai teknikoa
Soslai teknikoa eta independentea da Qandilena. 50 urte ditu, eta batez ere urari lotuta dago haren ibilbide politiko eta profesionala. 1984an egin zen ingeniari, Egipton, eta baliabide hidrikoetan espezializatu zen geroago, Ipar Karolinan (AEB), master bat eta doktoratu bat eginda. 1999tik 2005era bitartean Egiptoko Baliabide Hidrikoetako Ministerioaren kabineteko zuzendaria izan zen, Hosni Mubaraken agintean, eta Azterketa Hidraulikoen Kontseilu Nazionaleko kide izendatu zuten 2002. urtean. Gainera, Garapenerako Afrikako Bankuaren Uraren Saileko arduraduna ere izana da.
Qandil ez da lehen lerroko politikaria izan, eta ez da oso pertsona ezaguna Egipton bertan. Hala, gobernua gidatzeko, aurpegi berri bat hautatudu Mursik, Egipto egonkortasunera bideratzeko hartu beharreko neurri ekonomikoak bultzatzeko egokiagoa delakoan. Alderdiekiko independentea izanagatik, baina, ezaguna du Qandilek joera islamista, eta bereziki horrek lotzen du Mursirekin. Presidenteak, hain zuzen, Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia alderdia laga egin zuen hauteskundeak irabazi bezain laster, kanpainan agindutakoa betez.
Botere borroka, zabalik
Nazioartean ere erreakzioak eragin ditu Egiptoko lehen ministro berriaren izendapenak. Catherine Ashton Europako Batasuneko diplomaziak buruak zoriondu egin du Qandil, eta hura izendatzea «Egiptoko trantsizioan emandako beste pauso bat» dela gaineratu du. Joan den astean bildu zen Ashton Mursirekin, Kairon, eta orduan esan zuen bezala, Brusela Egipto bizitzen ari den «momentu erabakigarri honetan» laguntzeko prest dagoela berretsi du.
Nolanahi ere, ikusteko dago zein izango den lehen ministroaren ekintzarako tartea, ekaineko hauteskundeez geroztik zabalik jarraitzen baitu botereaz jabetzeko Mursik eta Junta Militarrak hasitako borrokak. Militarrek parlamentua desegin zuten bozen bezperan, eta haien esku dago orain botere legegilea. Presidentearen eskumena, beraz, oso murritza da.
Hesham Qandil islamista izendatu du Mursik Egiptoko lehen ministro
«Egun batzuk barru» osatuko du gobernu berria, eta ministroak teknokratak izango direla iragarri du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu