Israel Zisjordanian eraikitzen ari denbanaketa hesiak palestinarren exodo masiboa eragingo duela ohartarazi zuen atzo Jordaniako ordezkari Zeid Bin Raad printzeak Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegian. «Nire herrialdeak dagoeneko errefuxiatu kopuru handia jasotzen du eta, banaketa hesiaren ondorioz, kopuru hori nabarmen areagotuko den mehatxuari aurre egin beharko diogu», zehaztu zuen.
Bere ustetan, Jordaniak ezin izango dio egoerari aurre egin eta exodoak baliabideak agortzea eragingo du. Israelek bere egitasmoari eusteko erabiltzen dituen argudioak gaitzetsi ondoren, Zeid Bin Raadek eraikuntza bertan behera uzteko eskatu zion Tel Avivi.
Gaur amaitzen da Hagako auzia
Kuba, Indonesia, Belize, Txina, Madagaskar, Malaysia eta Senegalgo ordezkariek ere gogor salatu zuten banaketa hesia eta bat etorri ziren nazioarteko zuzenbidea urratzen duela esaterakoan. Herrialde horietako ordezkariek gaur amaitzekoa den eta eraikuntzaren zilegitasuna aztertzea xede duen prozesuan deklaratu zuten atzo. Gaur Sudan, Turkia, Liga Arabiarra eta Konferentzia Islamikoaren Erakundeko ordezkariek hartuko dute hitza.
PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Jasser Arafatek nazioarteko komunitatearipalestinarren jarrerari Hagan ematen ari dion babesa eskertu zion atzo: «Babesa ematen ari zaizkigun munduko neba-arreba eta lagunei eskerrak ematen dizkiegu». Nazioarteari Israel presionatzeko eskatu zion Errepide Mapa modu «zehatzean» bete dezan. Nazioarteko Justizia Auzitegiak «erabaki zuzena» hartuko duen konfidantza osoa duela helarazi zuen Arafatek. NBE Nazio Batuen Erakundeko Palestinako ordezkari Nasser al-Kidua ere baikor agertu zen auzia izaten ari den garapenaz: «Orain arte aurkeztu dituzten arrazoibideak bikainak izan dira: agerian jarri baitute banaketa hesiak nazioarteko zuzenbidea urratzen duela». Hagako prozesuan palestinarrak «garaile» atera direla adierazi zuen «bai mezubideetan eta bai iritzi publikoan».Artean, Israelek Elkanako kokagunea eta Oferko base militarra lotuko dituen hesiaren lehen zatia eraikitzen hasi zen atzo Ramalan, hain zuzen ere, orotara 96 kilometro izango dituen eraikuntzaren aurreneko42 kilometroak zutitzeari ekin zion.Israelgo Armadako Logistika saileko buru Eran Ofir koronelak iragarri zuenez, urtea bukatu bitartean banaketa hesiaren 200 kilometro eraikiko dira Zisjordanian orain arte 300 kilometro zutitu dira guztira 700 kilometro izango dituen hesiaz.Beit Surik herrian bizi diren palestinarrek manifestazioa egin zuten eraikuntza lanaren kontra eta gutxienez 20 zibil zauritu ziren Israelgo poliziarekin izandako liskarretan. Ospitaleko iturrien arabera, poliziek tiroka hasi ziren manifestarien kontra.Israelgo Armadaren arabera, berriz, atzo sei palestinar atxilotu zituzten Zisjordanian, tartean, Al Fata eta Hamas erakunde armatuetako kide bana. Libanoko mugan, bestetik, gizon bat hil zuten.Bi motxila eramaten zituen soinean eta soldaduek susmagarritzat jo eta tiro egin zioten. Aurretik airera egindako tiroei kasu ez egin izana argudiatu zuten soldaduek.Bien bitartean, Israelgo Armadak Gazako sarrera-irteera guztiak itxi zituen atzo «erresistentziaren erasoak» egon daitezkela argudiatuz. Goizaldean Bet Lahia hirian eta Jebaliako kokaguneetan sartu zen Armada. Lekukoen arabera, soldaduek hamabost tanke, hondeatzekomakina eta helikopteroz egin zuten erasoaldia eta tartean hainbat tiro egin zituzten.
«Palestinarren akats genetikoa»
Bestetik, Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek Gazako kokaguneak bertan behera uzteko planaren inguruko erreferenduma egitea baztertu zuen atzo ahobatez Legebiltzarreko batzorde juridikoak. AEB Ameriketako Estatu Batuetara martxoan egin behar duen bidaiaren ondoren egin nahi zuen erreferenduma Sharonek.
EB Europako Batasunak bost baldintza jarri zituen atzo kokaguneen eraisketa nazioartean «onargarria» izan dadin. Besteak beste, kokaguneak Zisjordaniara ez eramatea eta erretiratzea Errepide Maparen testuinguruan egitea aldarrikatu zuen.Ildo horretan, Israelgo Atzerri ministro Silvan Shalomek Gazatik joatekotan ez dutela bertan nazioarteko soldadurik onartuko adierazi zuen atzo «gatazka nazioarteko arazo» bihurtuko delako. Palestinarrak «arazo politikoa» mundu zabalean ezagun egiteko ahalegina ere salatu zuen .Giza eskubideen aldarrian lanean ari diren hainbat erakundek hesiari kontra egiteko aurkeztu eskaerak baztertzea eskatu zion atzo ministroak Israelgo Auzitegi Gorenari. Epaileek duela hiru aste entzun zituzten nazioarteko abokatuen adierazpenak eta datozen egunotan erabaki beharko dute auziarekin aurrera egin edo ez.Israelgo Legebiltzarreko diputatu eta Likud alderdiko kide Zeev Boimek, berriz, ekintza suiziden arrazoia «palestinarren akatsa genetikoa» dela helarazi zuen atzo.
EKIALDE HURBILEKO GATAZKA
Hesiak errefuxiatu oldea eragingo duela ohartarazi du Jordaniak Hagan
Elkanako kokagunea eta Oferko base militarra lotuko dituen hesiaren aurreneko 42 kilometroak altxatzeari ekin dio Israelek Ramalan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu