Hesiaren lehen hozkak

Europa komunista eta kapitalista zatitzen zituen 356 kilometroko altzairuzko hesiaren aurreneko hozkak gaurko egunez egin zituzten, duela hogei urte, Hungarian.

2009ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Historia garaikideko unegogoangarrienetakoa izan zen. Berlingo Harresia 1989. urteko azaroaren 9ko gauean ekin zioten botatzeari. Bigarren Mundu Gerraren hondakinetanEuropa ekialdeko herrialdeetan nagusitu ziren botere komunisten gainbeherari bultzada nagusia eman zion gertakaritzat jo dute historialariek. Horrela izan denik ezin bada ukatu ere, azaroaren 9ko gau hark aurrekaririk izan zuen, eta horiek, dudarik gabe, historia liburu marduletako orri horixketan geratu dira ahantziak.

Hungaria eta Austriako mugan eraikitako hesia gaurko egunez, duela hogei urte, hasi ziren botatzen.Hungariako mugazain talde batek, 1989. urteko maiatzaren 2an, mugan jarritako burdin hesian hozkak egiteari ekin zion. Hegueshalom herritik hurbil egin zuten ekintza; Budapest eta Viena hiriburuak lotzen dituen errepidean, hain zuzen ere. Alanbre elektrifikatuz eginiko hesi hori, baina, ez zen bi herrialde horien arteko mugan bakarrik jarritakoa: Europa mendebaldeko-kapitalista- eta ekialdeko-komunista- herrialde andanak zatitzen zituen 356 kilometroko luzera zuen hesiak. Berlingo Harresiaren luzapena bezala zen.

Mugazain hungariarrek ez zuten euren kabuz jokatu hesian hozkak egite horretan. Budapesteko gobernuko agintari komunisten manuari jarraitu zioten,haiek zenbait egun lehenago-apirilaren 27an- erabaki zutelarik burdin hesia desegiten hasi behar zela, lau lekutatik hasita. Janos Kadarren aginte komunistak ez zuen, egia esanteko, hesia erabat bota nahi, mugaren zainketarako eredu berriak garatu baizik.

Aurrekaria

Budapest, nolanahi ere, aurrekari izan zen bloke komunista irekitzeko politikan; izan ere, 1987. urteaz geroztik, Hungariako herritarrek mendebaldeko Europara joan-etorriak egiteko pasaporteak lortzeko aukera zuten.

Burdin hesia apurtzearen aldeko aldarrikatzaile nagusia ez zen, haatik, presidentea bera izan, Hungariako botere komunistako bigarren agintari gorena baizik: Imre Pozsgay. 1988. urteko urrian adierazi zuen horrek «historikoki, politikoki zein teknikoki ere» burdin hesia «garaiz kanpokoa» zela. Pozsgay urte bereko azaroan, aldiz, ausartu zen adieraztera Hungarian, 1956an, aginte komunista ortodoxoaren kontra izan zen herri matxinada zinez halakoa izan zela eta ez «kontrairaultza bat», odolean ito zutenek aurkeztu zuten bezala.

Pozsgayk azaldu izan du Sobiet Batasunean, 1985eko martxoan, agintera iritsi zen Mikhail Gorbatxoven erreakzioak probatu nahi zituela. Honek kontrako iritzirik ez agertzean, Hungariako agintearen bilakaera prozesuan arrisku gutxiagorekinaurrera joan zitekeela ondorioztatu zuten Pozsgayren inguruan bildutakoak. «Konbentzituta ginen aginte komunista eraldatu ezinekoa zela eta alderdi aniztasunean oinarritutako demokrazia jarri behar zela», azaldu du Pozsgayk.

Ekialdeko Alemanian

Testuinguru politiko horren barne sartu zen, beraz, 1989ko maiatzeko gertakari ez ohikoa. Hungarian bertan harridura aski gutxi eragin bazuen, aginte komunista ortodoxoaren gotorleku zen Ekialdeko Alemanian, ostera, laztura piztu zuen, Erick Honecker presidentearen eta honen jarraitzaileen artean. Izan ere, hauek ondo ulertu zuten zer gertatuko zen hurrengo egunetan, hots Ekialdeko Alemaniako milaka eta milaka herritar Hungariara joango zirela, Austriara noizbait igarotzeko esperoan. Eta halaxe izan zen, hain zuzen ere.

Maiatzaren 2an, hesian eginiko lehen hozkak ez ziren azkenak izango. Hala, uztailaren 3an, Budapesteko gobernuak agindu zuen lau lekutan ezik, burdin hesia erabat eraisteko. Hori egiten hasi zirenetik, mugazainak bakarrik egon ziren Austriara pasatu nahi zen jende mordoa kontrolatzeko. Eta, jakina, mugaren luzaera osoan ez ziren gai izan legez kanpoko igaroaldiak oztopatzeko.

Zainduta zeuden muga pasaguneetan ere egoeraren kontrolakihes egin zieten. Hala, abuztuaren 9an, mugaz bi aldeetan, Soprongo eskualdean egin zen «landa-bazkari» baten abagunea baliatuz, Hungaria aldean bilduta zeuden ehunka ekialdeko alemaniarrek muga hautsi eta Austriara pasa ziren. Hungariako mugazainak ez ziren saiatu ihesaldia indarrez galarazten. Abuztuaren amaieran,azkenik, Budapestek mugak erabat ireki zituen eta ehun mila alemaniar Austriara sartu ziren. Berlingo harresia bota baino hiru hilabete lehen izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.