Hezbola, Libanoko erresistentziaren ikur nagusia

Israelgo Armadaren okupazioari aurre egiteko sortua, Hezbolak xiiten sostengua eta libanoar askoren begirunea irabazten jakin izan du.

2006ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Libanoko indarrik garrantzitsuenetakoa eta aktiboenetakoa da Hezbola mugimendua. Baita berrienetakoa ere, oraindik ez baititu 25 urte bete. Halere, Libanoko bizitza politiko eta soziala ez ezik, Ekialde Hurbilekoa ere baldintzatzen du. Israelen etsai porrokatua izanik, egunotan ere haren okupazio indarren aurka ekiten dio. Iranen eta Siriaren sostengua badu ere, adituek diote ildo libanoarra, berezkoa jorratzen duela. Sortu zutenetik (1983 inguruan) asko hazi eta hedatu da Hezbola, Legebiltzarrean presentzia nabaria (%18) eta Gobernuan ministro bat izateraino.

Erakundea 1985ean egin zuten publiko, hainbat talde xiita bildu ondoren eta orduko talde xiita nagusitik (Amal) ateratako Amal Islamikoaren kideak bereganatuta. Amal mugimendu laikoa zen eta da, eta Hezbola, aldiz, islamista. Hizb Allah (Jainkoaren Alderdia, arabieraz) izenak argi adierazten du hori.

Hasierako helburuetan Libanon estatu islamikoa eratzea bazuen ere, urteotan pragmatikoago bilakatu, asmo hori baztertu, eta herrialdean dauden 18 komunitateak barnean hartuko lituzkeen estatua du xede. Alta, asko ez dira fio.

Hezbolak beti ukatu izan du 1983ko eraso suizidekin zerikusia izana, askok hura egiletzat seinalatu arren. Erasoak Jihad Islamikoak hartu zituen bere gain (ez da Libanon ere presentzia duen Palestinako Jihad Islamikoa), eta Hezbolak «justifikatutzat» jo zituen. Horietan AEBetako Armadak Beiruten zuen kuartel nagusia (241 soldadu hil ziren), Frantziako Armadaren kuartela (58 soldadu hilda) eta AEBetako enbaxada (63 hildako) suntsitu zituzten ekintzaile suizidek.

Nolanahi ere, Hezbolak borroka luzea -askotan eraso suiziden bidez- egin zuen Israelgo okupazio indarren eta haien aliatuen kontra (1982an okupatu zuten Libano, Beiruteraino), harik eta, erresistentzia libanoarrarekin zein palestinarrarekin batera, haien erretirada lortu arte. Israelgo Armadak 2000ko maiatzean egin zuen hanka Libanotik, Shebaako etxaldeetatik izan ezik. Hain justu, eskualde hori oraindik okupatua dagoela argudiatuta, Hezbolak uko egin dio NBEren Segurtasun Kontseiluak 2004ko azaroan onartutako 1559 ebazpena betetzeari. Siriari bere tropak erretiratzeko eta «Libanon dauden miliziei» desarmatzeko eskatu zien ebazpenak. Talde armatu gehienak gerra zibila (1975-1990) bukatzean desarmatu baziren ere, ez dute hori egin Siriaren bi aliatuk, Hezbolak eta FPLP-CG Palestina Askatzeko Herri Frontea-Komando Nagusiak.

MILITARRA, POLITIKOA ETA SOZIALA. Legebiltzarrean zein Gobernuan ordezkatua izaki ere, AEBen, Israelen, Kanadaren eta Erresuma Batuaren terroristen zerrendan segitzen du Hezbolak. Europako Batasunak ez du erakundea «terroristatzat» jotzen; bai, ordea, Hezbolako zerbitzu sekretuetako buru Imad Mugnia.

Adar armatuaz gain (Erresistentzia Islamikoa), adar politikoa du Hezbolak. 2005eko bozetan, Amalekin batera aurkeztuta, 35 diputatu lortu zituen (14 Hezbolak). Erresistentziaren eta Garapenaren Blokean bi alderdi xiita horiez gain, PNSS Alderdi Sozial Nazional Siriarra eta independenteak ordezkatuta daude. Zerrenda horretan hiru sunita, bi kristau maronita, bi greziar katoliko, greziar ortodoxo bat eta druzo bat ere badaude.

Gainera, lan soziala egiten du. Ospitale, ikastetxe, haurtzaindegi, pobreentzako aterpe eta jangelak eta bestelako gizarte zerbitzuak eskainiz (musulman zein kristauei), herritarren esker ona eta babesa jasotzen jakin izan du Hezbolak. Libanoko gizartean «erresistentziaren zilegitasuna» aitortzen diote askok, eskuinak izan ezik.

Hezbolak lan sozial handia egin du, ospitale, ikastetxe, haurtzaindegi eta aterpeen sare zabala pobreei eskainita

Soslaia

Libano buruan, islama bihotzean

Saied Hassan NasralaHezbolako idazkari nagusia1960an jaio zen Saied Hassan Nasrala, Beirut iparraldeko Karantina auzo pobrean, familia musulman xiita batean. Han errefuxiatu gune palestinar bat egon zen 1976a arte, falangistek suntsitu zuten arte. Nasrala palestinar eta libanoar txiroez inguratuta hazi zen. Gaztetatik izan zuen erlijioarekiko tiradizoa eta Mussa al Sadr imam eta Amal mugimendu xiitaren sortzailearekiko miresmena. Irakeko Najaf hiri santu xiitara joan zen islamaren ezagutza sakontzera, eta han ezagutu zuen gerora Hezbola sortu eta gidatuko zuena, Abbas Mussaui. Haren apopilo jarri eta haren babesean egin zuen gora mugimenduan. Israelgo Armadaren aurkako borrokan komandante izandakoa, hark 1992an Mussaui misil batez hil ondoren hartu zuen Hezbolaren gidaritza Nasralak. Ikasketa islamikoak edukitzea lagungarri izan zaio buruzagitza sendotzeko. Israelgo Armadak Hadi seme nagusia hil zion, borroketan. Hitzaldietan maiz aipatzen du Israelen kontrako borroka eta Palestina askatzeko beharra: «Palestina lur okupatua da, Mediterraneotik Jordan ibaira, eta herri palestinar osoak eskubidea du lur honekiko. Lur honetan musulmanak, kristauak eta juduak elkarrekin bizi daitezke -ehunka urteetan egin duten bezala-, estatu demokratiko baten esparruan. Alabaina, ez dago Israel deitutako legezko eta zilegizko estaturik». Irakurle amorratua da eta aurkarien biografiak leitzea oso gustuko du, «haiek hobeto ezagutzeko». ­ JUANMA SARASOLA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.