Hezbolak Mikati lehen ministro ohia babestu du gobernuburu izateko Libanon

Hariri lehen ministro ohiaren aldekoek «haserre eguna» iragarri dute haren hautagaitza kontuan ez hartzeagatik

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Hezbola talde xiitak Najib Mikati lehen ministro ohiaren hautagaitza babestuko du gobernukoburu izan dadin. Saad Haririren gobernua iragan urtarrilaren 12an bertan behera geratu zen, hainbat ministrok dimisioa iragarrita, eta ordezkoa izendatzeko negoziazioetan dabiltza egunotan. Haririk dio ez duela Hezbolarekin koalizio gobernu batean parte hartuko, eta bere hautagaitzari eutsiko diola gaineratu du.

2009ko hauteskundeetan Haririren koalizio moderatuak bozak irabazi zituen, 128 diputatutik 71 lortuz. Urtearen hasieran, baina, hainbat ministrok eskatu zuten ez hartzeko aintzat 2005eko Rafik Hariri lehen ministro ohiaren hilketa argitzeko NBEk babesten duen auzitegi bereziaren lanak. Eskaerari men egin ez ziotelako dimisioa aurkeztu zuten, eta Saad Haririren gobernua krisian sartu zen. Atzo eta gaur, haren ordezkoa izendatzeko kontsultak egiten ari da Michel Suleiman Libanoko presidentea. Orain arte jaso dituen erantzunen arabera, ziurrenik, Mikatik hartuko du haren tokia.

Haririren aldekoek «haserrearen eguna» antolatu dute gaurko. Izan ere, gobernua zuzentzeko azken horren hautagaitza ez dute kontuan hartu. Atzo ere liskarrak izan ziren Tripolin arrazoi beragatik.

Mikati enpresari sunitak bere burua aurkezterakoan adostasunezko jarrera moderatuen alde egingo zuela iragarri zuen. Oraingoz, Hezbolarenaz gain, drusoen, kristauen eta alderdi xiitaren buruaren babesa jaso du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.