EBko Atzerri ministroek gaur goizean erabaki dute Hezbollah alderdi xiitaren adar armatua erakunde terroristatzat jotzea. Ez diote jaramonik egin Libanoren ohartarazpenei: hark behin baino gehiagotan azpimarratu du ez daudela nahiko froga Hezbollahi Bulgariako eraso suizida leporatzeko. Leherketa hartan, Israelgo sei turista hil ziren. Hezbollahek ez du sekula bere gain hartu erasoaren ardura.
Alderdi islamista xiita, anti-inperialista eta anti-sionista da Hezbollah. 1980ko hamarkadaren hasieran, hainbat talde xiita txikik bat egin zuten Israelen inbasioari aurka egiteko: horregatik, talde paramilitarra zen hastapenetan, eta handik urte gutxira formalizatu zen erakunde politiko gisa. 1992tik, Libanoko Parlamentuan dago: gaur egun, 128 diputatutik hamalau ditu, eta gobernuko Energia ministroa ere alderdi horretakoa da.
Libanon, instituzio bat da kasik: bere adar militarrak armadak baino indar handiagoa du —Erresistentzia arabiarreko indar nagusientzat jotzen da—, hainbat hedabide eurenak dira eta eragile politiko eta sozial nagusienetakoa da: "Estatuaren barruko estatua" da. Horregatik, EBko zenbait estatuk zalantza adierazi dute hura erakunde terroristen zerrendan sartzearen inguruan, horrek Libanorekiko harremanak okertu eta hango egoera politikoa desegonkortu dezakeelakoan.
Bost estatuk jotzen dute erakunde terroristatzat, besteak beste, AEBek eta Israelek. Erresuma Batuak eta Austrialiak soilik haren adar armatua daukate zerrenda beltzean. EBko gainerako herrialdeek ere hori egitea onartu dute gaur.