Gizateriaren aurkako krimenak. Auzi antropologiaren ekarpena

Hezur hezeen kea

Denboraren tunelaren mutur batean, Salvador Allende eta AK47 fusil bat, Txileko Santiagoko Moneda jauregian; bestaldean, auzitegi mediku eta antropologoak, tximinia itxurako tuneleko kea froga zientifiko bihurtu nahian. Giza eskubideak erraustu zaleen kontra 1984an hasitako bidetik.

Amagoia Iban
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Iraganaren tunel beltzean murgiltzea egur hezearekin sua piztea bezala da: beti sortuko zaizu kea. Eta beti dago ke horren bila arituko diren senideak eta lagunak. «Gauzak ezkutatzea ezinezkoa da. Orain edo gero, jendeak jakin egin nahiko duelako. Pertsonen ezaugarri bat da beren hildakoak non diren jakin eta duintasunez lurperatzeko beharra, ideologiaz gaindi». Luis Fondebrider EAAF Argentinako Auzitegiko Antropologiaren Taldeko kidea da, eta parte hartu zuen iaz Salvador Allenderen heriotzaren inguruan egindako azken auzitegi ikerketan. «Oso pertsona ezagun baten edo ezezagun baten senide izan, lehentasunekoa da familiei benetan zer gertatu zen zientifikoki frogatzeak ematen duen lasaitasuna eskaintzea».

Augusto Pinochet jeneralak estatu kolpea jo zuen egun berean, 1973ko irailaren 11n, hil zen Txileko presidentea, Moneda jauregian. AK47 fusil batekin bere buruaz beste egin zuela esan izan du bertsio ofizialak ordutik; baina Allende hil egin ote zuten esaten zuen beste bertsio batek. Iazko maiatzaren 23an, Allenderen gorpuzkiak hartu eta hainbat proba egin zizkioten hamabi auzitegi ikerlarik. Adituotako zazpi txiletarrak ziren; beste bostak, nazioartekoak. Horien artean, Fondebriderren ondoan, Francisco Etxeberria euskal herritarra. «Argudio teknikoetan eta zientifikoetan oinarrituta, ziur esan dezakegu Salvador Allende kokospean jasotako tiro baten ondorio zuzenengatik hil zela, eta hori suizidiotzat jotzen dugu auzitegi ikuspegitik», adierazi zuen Etxeberriak iazko uztailean, lantaldearen ikerketaren emaitzak ezagutarazi zituztenean.

Egia juridikoa

Astelehenean zortzi, txosten hori ontzat eman zuen Santiagoko Apelazio Auzitegiak, eta, hala, itxitzat jo zuen Allenderen heriotzaren inguruko auzia. «Pozik gaude, beti jakin izan duguna berretsi duelako egia juridikoak», adierazi zuen Isabel Allendek, presidentearen alabak. Eta egia juridikoaz mintzo da EAAFeko Fondebrider ere, horixe baita 1984an Maiatzeko Plazako Amen eta giza eskubideen aldeko Argentinako erakunde baten eskutik hasitako bidearen helburuetako bat. «Gure kasuan, helburuak bi dira: alde batetik, epaitegietarako frogak lortzea; eta, bestetik, familiei beren senide maiteen gorpuak berreskuratzen eta nola hil ziren jakiten laguntzea». Ordutik, giza eskubideen hamaika urratzeren eta diktaduraren aurka tresna garrantzitsua bihurtu dira Argentinatik kanpo ere, Latinoamerika osoan, bost kontinenteetako gatazka guneetan ikerketak eginez eta bultzatuz. Horrela sortu ziren Guatemalako, Peruko, Kolonbiako eta Txileko auzitegi antropologoen taldeak, besteak beste. «28 urte daramatzagu honetan, eta, askotan, ikerketa independente bat lortzeko aukera bakarra izan gara biktimen senideentzat. Botere judiziala eta segurtasun indarrak erabat independenteak eta gardenak ez diren herrialdeetan, batez ere».

Latinoamerikako diktadura beltzen garaian ernatu zen hazia. Justizia eta egia eskatzeari diktadura garaian eta diktadura ostean utzi ez dion jende mordoari eskerrak. «Senideekin egiten dugu zientzia. Epaileei begira bizi den auzitegi medikuaren eredu klasikoa puskatzen dugu neurri batean».

1984a arte, eredu berriasortu arte, auzitegiko antropologia AEBetan zegoen aurreratuen, krimen arrunt eta hondamendi naturalen ikerketan zaildutako adituekin. Bizitza zer den: militar estatubatuarrek trebatuak ziren Latinoamerikako hainbat diktadoreren menpeko eliteko tropak, eta tropa horiek egindako hilketak ikertzeko auzitegi antropologoak estatubatuar batek trebatu zituen, Clyde Snowk.

Arrasto politiko eta sozial handiko fruituak eman ditu lan horrek. «Gure lanak arlo askotan ditu ondorioak. Alde batetik, pertsona bat exekutatu edo hil egin zutela frogatzeak, jakina, ondorio politikoak eta juridikoak ditu. Psikologikoki, pertsona maite baten hondarrak berreskuratzeak ere, urte askoko ezinegonaren ostean, ondorioak ditu. Jakitun gara erabat gure lanak duen pisuaz».

Beldurra

Jasser Arafaten gorpua berriz aztertuko dutela jakin zen joan den hilean. Suitzako auzitegi zientzialari talde batek hartu du lan hori, palestinar agintaria pozoituta hil zen ala ez argitzeko. Ikerketa horren emaitzak izan ditzakeen ondorio politikoak ez dira makalak.

«Lan honek beldurra sentiarazi dit askotan, bai. Sudanen, Iraken, Guatemalan... hiltzeko beldurra izan dut. Askoz gogorragoa da, hala ere, ikerketa behar ez bezala egitea, kale egitea, horrek ondorio izugarriak izan ditzakeelako». Mercedes Salado Puertoauzitegi antropologo espainiarrarenak dira hitzok. 36ko gerran desagerrarazitako ezkertiar baten senidea da, eta duela urte asko ari da lanean Latinoamerikan. «Espainian dagoen utzikeria ikusita, lotsa sentitzen dut. Nahiago dut lana hemen egin. Gaixotu egiten nau hango agintarien jarrerak, hango gizarteak justizia ez eskatzeak. Borondate politikoaren falta da kontua, eta jartzen dituzten aitzakiak entzutea gogorra da». Are gehiago, ikerlari eta aukera gabeziarik ez dagoela ikusita. Are gehiago, Argentinan eta beste hainbat herrialdetan justizia nola irabazi duten ikusita.

Guatemalako Auzitegi Antropologiaren Taldeko koordinatzailea izana da zazpi urtez Salado, EAAFeko kide da gaur egun; hara eta hona dabil normalean. «Taldeak munduko berrogei herrialdetan egin izan du lana ia hiru hamarkadotan. Argentinan lanean segitzen dugu, etaMexikon eta Erdialdeko Amerikan ari gara oraintxe bertan, AEBetako muga zeharkatzen hiltzen diren migratzaileen bila». Hegoafrikan, Zipren, Vietnamen, Thailandian ere ari dira, desagertuen bila zein tokian tokiko ikerlariak trebatzen. Eta Indian, Marokon, Aljerian... «Hegoafrika da salbuespen nabarmenena, estatuak bere gain hartu duelako erabat lan horien ardura». Lana ez da inoiz bukatzen, hala ere, eta Afrikarako eta Asiarako eskolak sortzeko erronka dute orain. «Gutxi gara, zahartzen ari gara, eta lana ez da bukatzen. Afrikan eta Asian lan izugarria dago egiteko egun». Eta Mendebaldeko iritzi publikoari ez dio axola. «Kooperazio laguntzak gutxitu eta nazioarteko erakundeen ekimena apaldu egin dira, gainera». 2004an kokatu du inflexio puntua Saladok. Irailaren 11ko atentatuen osteko egoeraren ondorio ote den «seguru» ezin jakin. «Politika aldatu egin dela, ordea, garbi dago. Ikerketa askori galga jarri zaie. NBE Nazio Batuen Erakundeari ez dio axola Afrikan zer gertatzen ari den».

Lanean segitu behar, hala ere. Gero eta toki gehiagotatik deitzen diete, eta auzitegiko zientzialari berri gehienek nahiago dute telesailetako laborategien modukoetan aritu. «Emozionalki nekagarria da gure jarduna; baina, aldi berean, betegarria da oso kasu bat argitzen eta jendeari bakea lortzen laguntzen diozunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.