Arma Nuklearrak

Hidrogeno bonba bat zartarazi duela adierazi du Ipar Koreako Gobernuak

Leherketak bost graduko lurrikara eragin du herrialdearen ipar-ekialdean. Nazioarteak gogor gaitzetsi du proba eta Piongiangen aurkako neurriak hartzeko eskatu diote Segurtasun Kontseiluari.

Hego Koreako albistegietan eman dute proba nuklearraren berri. YONHAP / EFE
arantxa elizegi egilegor
2016ko urtarrilaren 6a
07:45
Entzun

Aditu independenteek informazioa berresteko asteak beharko diren arren, nazioarteak ontzat eman du oraingoz Ipar Korearen iragarpena, alegia, lehen aldiz hidrogeno bonba bat probatu duela. Oraingoz leherketaren froga bakarrra litzateke, eztandak bost graduko lurrikara eragin duela herrialdearen ipar-ekialdean.

Lehen aldia da Kim Jong-unen erregimenak halako bonba batekin probak egiten dituela. Hidrogeno bonba ohiko bonba nuklearrak baino askoz ere indartsuagoa da, horiek hala, eta erregimenak halako lehergailu bat egiteko ahalmena duela frogatuz gero, nabarmen okertuko lirateke haren eta nazioartearen arteko harremanak.

Hain zuzen ere, Piongiangen aurkako neurriak hartzeko eskatu dio Japoniak NBEren Segurtasun Kontseiluari, ohartaraziz erregimena "arriskutsu" bilakatu dela herrialdearentzat. Txinak ere, Ipar Korearen aliatu bakarretakoak, gaitzetsi egin du proba nuklearra. Hego Koreak, berriz, larrialdiko bilerak deitu ditu gertatutakoa argitu asmoz. NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek berak ere kritikatu egin du proba, eta nabarmendu "kolokan" jartzen duela inguruko herrialdeen segurtasuna. Hala Banek eskatu dio Ipar Koreari behin betiko amaitzeko arma nuklearrak garatzeko ekintza oro.

Ez da lehen aldia nazioarteak Ipar Korearen aurkako neurriak hartzen dituela, halako proben ostean. 2006an, 2009an eta 2013an esaterako, hainbat bonba nuklear zartarazi ostean, mugatu egin zizkioten nazioartearekiko merkataritza harremanak, herrialdea bakartuta utziz.

AEBek Hiroshima eta Nagasaki hirietan jaurtitakoak baino mila aldiz indartsuagoa litzateke hidrogeno bonba.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.