Hiesaren Nazioarteko XVI. Konferentzia gaur bukatuko da Toronton (Kanada). Milaka zientzialari, ekintzaile eta agintari batu ditu pasa den igandetik. Agindutakoa betetzeko garaia da lelopean elkartu dira aurten, eta hiesaren kontrako borrokan egin diren urrats txikiak nabarmendu eta horiek sendotzeko borondatea erakutsi dute. Kostako da, ordea. Indar handia du izurriak, eta haren kontra egiteko urratsak txikiak dira. Oraindik.
Tinkotasunez jokatzeko deiarekin hasi zen igandean konferentzia. «Gaitza prebenitzeko eta tratatzeko tresnak eskura ditugu; historiak gogor epaituko gaitu emandako hitza betetzeko orduan kale egiten badugu», azaldu zuenMark Wainberg zientzialari ezagunak. Atzo, konferentzia agurtzeko estreinako adierazpenetan, adierazpen oso antzekoak egin zituen Helene Gayl antolaketa taldeko kideak ere. «Aste honetan hemen aurkeztu diren zientziaren alorreko aurkikuntzek, etorkizunera begira oraindik ere itxaropen handiagoa ematen dute. Milioika bizitza salbatzeko jakituria eta tresnak eskuradauzkagu». Mezua ez da aldatu. Ekintzak zertan diren ikusi beharko da orain.
TRATAMENDUAREN ALORREAN AURRERA.GIB birusak kutsatutako pertsonek, birusaren kontrako botika egokiak hartuta, taxuzko bizimodua izan dezakete.Aspaldiko aldarrikapena da botikak kutsatu guztiei ematea, bereziki herrialde behartsuetan.
NBE Nazio Batuen Erakundearen Hiesaren Kontrako Agentzia UNAIDSen arabera, herrialde behartsuetan kutsatuen %20ak baino ez dituzte jasotzen botika horiek. Nolanahi ere, alor horretan aurrera urrats bakan batzuk egin direla nabarmendu dute Torontoko konferentzian, eta horietan aurrera egiteko esperantza erakutsi dute.
Saharaz hegoaldeko Afrikan, esaterako, gaur egun ja milioi bat lagun ari dira botikak hartzen. Gutxi dira, kutsatuta denera 24,5 milioi daudelako. Orain dela hiru urteko datuekin alderatuz, ordea, hamar aldiz handitu da botikak hartzen dituztenen kopurua. Aurrera pauso txikia da. Baina argi printza bat izan daitekeela azaldu dute Toronton. Latinoamerikan eta Kariben tratamendua banatzeko egin diren plan arrakastatsuak ere aztertu dituzte.
Prebentzioaren alorrean, halaber, aurrera urratsak egin behar direla nabarmendu dute Kanadako bilkuran, eta alor horretan garatutako hainbat programa aztertu dituzte. «Urtero 4 milioi lagun inguru kutsatzen dira birusarekin», gogorarazi zuen atzoko saioanMark Wainberg ikertzaileak. Prebentzioaren alorrean nabarmenak izan dira AEB Ameriketako Estatu Batuetako Gobernuak alor honetan jarraitzen dituen politikei kritikak. Saharaz hegoaldeko herrialdeetara bideraturiko planak, batez ere, abstinentzian oinarritzen dituztela salatu dute hainbat ekintzaile taldek.
EMAKUMEEN HITZA.Ezin uka, pobreziak hiesarekin duen lotura behin eta berriro agertu da konferentzian. Eta emakumeak itzaletik ateratzeko ahalegina egin da. Nazio Batuen Erakundeko Emakumeen Garapenerako Fondoko zuzendari Noeleen Heyzer izan da hitzik ez duten emakumeen ahotsa helarazten saiatu denetako bat.«Generoa, pobrezia eta indarkeria gurutzatu egiten dira eritasunarekin», ekarri zuen gogora. Lau elementu dira, eta askotan sare bat harilkatzen dute emakumeen inguruan. Ito arte.
HIESA MUNDUAN. HIESAREN NAZIOARTEKO XVI. KONFERENTZIA. HIESA MUNDUAN
HIESAREN NAZIOARTEKO XVI. KONFERENTZIA. Nahi eta ezina gainditzeko deia. Gaur bukatuko da Toronton hiesari buruzko biltzarra, botiken alorreko pauso txikiak sendotu nahi dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu