HIESA. NBEk dio hamar milioi hiesdun salba daitezkeela

NBEk proposatutako tratamendua martxan jartzen badute, 2025erako GIBak eragindako heriotzak hamar milioi gutxiago izango dira

/ Samara Velte.
2010eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundeak proposatutako tratamendua martxan jarriko balute, GIBa dutenen heriotzak nabarmen gutxituko lirateke, baita birusak kutsatutakoak ere. Hala dio UNAIDSek, hiesaz arduratzen den NBEren agentziak: 2.0 tratamenduari esker, 2025erako GIB birusak eragindako heriotzak hamar milioi gutxiago izango dira, eta kutsatutakoak, berriz, milioi bat gutxiago. «Birusaren aurkako sendabidea erraztea proposatzen dugu, baita botikak eskuratzeko erraztasunak ematea ere», azaldu du Michel Sidibe UNAIDSeko zuzendari exekutiboak, agentziak osatu duen txostenaren aurkezpenean. Sidiberen hitzetan, 2.0 tratamenduak «sendabideen kostua eta erretrobirusen kontrakoen maila toxikoa murriztuko lituzke».

2.0 tratamenduak biltzen ditu, hala nola hiesari aurre egiteko prebentzio neurriak, gaitza antzemateko teknika berriak eta alboko kalteak eragiten ez dituzten botikak sortzeko formulak. Berrikuntza horiei esker, eta ahaleginak bateratuz, Sidibek uste du osasun sisteman lan karga arintzea lortuko dutela; baita, halaber, GIBarekin bizi direnen bizi- kalitatea hobetzea ere.

Horretarako, baina, bost arlotan urratsak egin beharko dituzte hiesaren aurka lanean ari direnek, izan gobernu, izan nazioarteko erakunde nahiz boluntario. UNAIDSen arabera, besteak beste, botikak eta diagnostikoak hobetu beharko dira, baita tratamendua prebentziorako tresna gisa baliatu ere, nahiz sendabideen kostua txikitu eta GIBa detektatzeko probetara iristea erraztu. Horiez gain, Sidibek uste du, komunitate mailako mobilizazioa ere indartu beharko litzatekeela.

NBEk argitara emandako datuen arabera, hiesa epidemia bilakatu zenetik 30 urtera 60 milioi lagun kutsatu ditu GIB giza immuno-eskariaren birusak. 25 milioi pertsona, berriz, birusa hartu ondoren sortzen diren gaitzengatik hil dira -gaixotasun oportunista deritze halakoei-, eta hiesaren aurkako borrokan urrats garrantzitsuak egin badira ere, oraindik orain tratamendua behar duten hamabost milioi lagunetik hamar milioik ez dute botikak lortzeko modurik.

Datuak kezkagarriak direlako, horregatik, hiesari eman beharreko erantzunak beste modu batekoa izan behar duela deritzo Michel Sidibek: «Guztiek sendabideetara iristeko aukera izan dezaten eta herrialde guztiek jarritako helburu eta hartutako konpromisoak bete ditzaten, hiesari emango diogun erantzuna aldatu behar dugu».

Prebentzioaren iraultza

«Saihestu al dezakegu GIB birusak gaur 7.400 lagun ez kutsatzea? Bai, baina prebentzioaren iraultza beharko da horretarako». Sidiberen hitzetan, prebentzioaren iraultzak esan nahi du azken 30 urteetan ikasitako guztiak praktikara eramatea, eta beste irtenbide batzuk eta berritzaileak aurkitzea. «Eta hori baino gehiago, pertsonen duintasuna eta eskubideak bermatzea lortu behar dugu, eta adinak eta sexu joerak haietan eragingo ez dutela ziurtatu».

Nazio Batuen Erakundeak egindako kalkuluen arabera, 2010. urtean bete beharreko helburuak erdiesteko, 26.800 milioi dolar beharko dira (21.000 milioi euro). Hiesari aurre egiten hainbeste diru inbertitzea «erabaki argia» delakoan daude adituak. Horien arabera, inbertsioan egiten den murrizketa bakoitzeko nabarmen atzera egiten da hiesaren aurkako borrokan.

Philip Stevens osasun arloko adituaren ustez, dena dela, heriotza gehien prebentzio neurrieskasengandik gertatzen dira. Horregatik, diru gehien arlo horretara bideratzeko eskatu du: «Hiesagatik gastatzen dugun diru guztia haurrei txertoa ematen eta beherakoari aurre egiteko botika merkeetan erabiliko bagenu, dirua aurreztuko genuke».



Prebentzioan nabarmen aurrera egin dute gazteek

Gazteak dira GIB birusaren prebentzioan azken urteetan urrats handienak egin dituztenak, UNAIDS agentziaren arabera. Izan ere, hiesdun gehien dauden 25 herrialdeetatik hamabostetan GIBdun gazteen kopurua %25 gutxitu da; birusak kutsatutakoen kopuruak behera egin duelako, nagusiki.





%40

Birusa dutela dakiten GIBdunak. Nazio Batuen Erakundearen arabera, GIB giza immuno-eskariaren birusa dutenen artean %40k besterik ez du bere egoeraren berri. Halaber, gaixo daudenen artetik hamar milioik ez dute inolako tratamendurik jasotzen.





2,7

GIB birusak kutsatutakoak, milioitan. Urtero, batez beste, 2,7 milioi lagun kutsatzen ditu GIB birusak. Haietatik, NBEren arabera, 430.000 haurrak dira. Hala ere, gazteak dira hiesarekiko arrisku gehien dutenak: izan ere, urtean 910.000 gazte kutsatzen ditu gaitzak.





Herritarren gehiengoaren ustez, hiesa da arazo larriena

Hiesari buruz egindako lehen nazioarteko ikerketa publikoaren arabera, herritarren gehiengoak uste du munduko arazo larrienetakoa dela hiesa. Gainera, biztanleriaren erdia baino gehiago ezkor agertu da gaitza gelditzea lortuko duten galdetu diotenean. Hiesaren aurka hartutako neurriak gehienen aitorpena du, haatik.





6.269

Hego Euskal Herriko hiesdunak, 2008an. Duela bi urte hiesaz kutsatutako 6.269 gaixo erregistratu ziren Hego Euskal Herrian. Iaz, berriz, 207 GIB infekzio berri detektatu ziren EAEn; datu ofizialen arabera, horietako %75 sexu harremanen bidez kutsatu ziren.





GIBari aurre egiten dioten hiru antigorputz aurkitu dituzte

Xueling Wu zientzialariak zuzendutako AEBetako ikerketa talde batek GIB birusa neutralizatzeko gai diren antigorputzak aurkitu ditu. Zientzialarien esanetan, giza gorputzak sortutako hiru antigorputz dira, eta birusaren ehuneko 90a indargabetzeko gai dira. Wuk adierazi duenez, GIB birusaren aurkako txertoa egiteko baliagarriak izan daitezke, nahiz eta haietaz oraindik ezer gutxi jakin. Aurkitu dituzten antigorputzak GIBaren azalean dagoen gp120 proteinarekin aktibatzen dira, birusa neutralizatuz. Hala, birusak hilgarria izateari uzten dio: «Antigorputz horien gaitasuna banan-banan frogatu dugu, eta giza gorputzak sortzen dituela frogatu dugu».





Gaizka Asolo.Txo-Hiesa elkarteko lehendakaria
Gaizka Asolok duela urte asko bizi da hiesarekin. Euskal Herrian gaitzaz kutsatuta daudenek duten egoeraz eta gizarteak horien inguruan duen jarreraz badu zer esana.

«Hiesaren arazoa konponduta dagoela uste dute askok, baina oker daude»

Samara Velte.

Txo-Hiesa elkarteko lehendakaria da Gaizka Asolo (Bermeo, Bizkaia, 1964). Bermeotarra izanik, ondo baino hobeto ezagutzen ditu hiesaren gorabeherak. Egoera latza izan arren, irmoki jarraitzen du lanean, egoera berean dauden beste milaka laguni babesa eta laguntza eskaintzen. Hori dela eta, Txo-Hiesak seropositiboen 18. topaketak egin zituen hilabete hasieran.

Osakidetzako datuen arabera, iaz beste 207 GIB infekzio atzeman ziren. Zer adierazten dute datu horiek?

Jendeari ahaztu egiten zaiola arazo honek duen garrantzia. Askok uste dute konponduta dagoela, birusaz kutsatutakoak kasu bakanak direla. Baina oker daude; sendagaiak badaude, bai, baina arazoa ez da konpondu oraindik. Jendea kalean dabil, elkarrekin egoten da, eta ahaztu egiten zaio preserbatiboa erabiltzea.

Zerk oztopatzen du gizarteak hiesa behar bezain serio hartzea?

Aurreiritzi asko daude gaiaren inguruan; behin baino gehiagotan entzuten dira «hori toxikomanoen eta prostituten kontua da» bezalako topikoak. Baina gaur egun, jada edozein familiatara irits daiteke gaixotasuna.

Sarritan, gurasoei kosta egiten zaie seme-alabekin hiesaz eta prebentzioaz hitz egitea. Nahiago izaten dute preserbatiboa ez gomendatzea, sexu harremanak izatera bultzatuko dituelakoan; baina lehenago edo geroago guztiek izango dituzte sexu harremanak.

Nahiko informazio ba al dago gaiaren inguruan?

Berez, inoiz baino baliabide gehiago dauzkagu eskura. Esaterako, hor dago Internet, eta gazteek edozertarako erabiltzen dute. Hala ere, heltzen den informazioa ez da nahikoa izaten. Bermeon, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan jende asko hil zen gaitzarengatik. Hemen guztiok ginen arrantzaleak, eta hiesak Euskal Herriko beste tokietan baino gogorrago jo gintuen. Orduan ez zegoen informaziorik; geroago jakin genuen zer geneukan.

Baina oraingo gazteek ez dakite ondo zer den hiesa. Agian entzungo zuten etxean edo telebistan, baina ez dute bertatik bertara ezagutu, eta horrek utzikeriara eraman ditzake.

Zer egin daiteke gizartearen kontzientzia hobetzeko?

Derrigorrezkoa da gurasoek seme-alabekin gaiaz hitz egitea. Guk eskoletan hitzaldiak ematen ditugu, baina ez dakit nahikoa den. Telebistan behin eta berriz errepikatzen dituzte auto istripuak saihesteko aholkuak; hiesarekin ere horrelako gehiago egin beharko lirateke.

Nolakoa da seropositibo baten egunerokotasuna?

Oso gogorra da. Sendagaiek bizitza osoa baldintzatzen dizute; egunero-egunero hartu behar dituzu ziztadak, eta askotan ez dakizu ez ote dizuten kalte handiagoa egingo.

Gainera, asko lanik gabe gelditzen dira seropositiboak direla jakiten dutenean. Eta lanean segitzen dutenak ere, desberdin tratatzen dituzte; gaixo gaudela zabaltzen da berehala. Baina arazoa ez da desagertuko gaixoak baztertuz edo ezikusiarena eginez; begira zenbat jende hiltzen den oraindik hiesagatik.

Duela gutxi egin dituzue seropositiboen 18. topaketak. Zer nabarmenduko zenuke?

Oso egun bereziak izaten dira guretzat. Aurten 60 lagun inguru bildu gara; horietako asko urtero etortzen dira. Nazioartean oso ezagunak dira Bermeoko topaketak. Herritarrek ere asko laguntzen digute. Lehen gehiago, baina oraindik ikusten dira egun horietan izara zuriak xingola gorriarekin balkoietatik zintzilik. Hori kanpotik datozenentzat harrigarria da, eta oso pozik jartzen dira. Asko gaitzagatik baztertuak izan dira euren herri eta etxeetan, eta hemen etxean izan ez duten berotasuna sentitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.