«Hil arte edo irabazi arte borrokatuko gara». SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente Mohamed Abdelazizen hitzaldiak ireki zuen atzo Fronte Polisarioa Mendebaldeko Sahara askatzeko erakundearen XIII. Kongresua, Tifariti hirian. Kongresuak ikusmin berezia sortu du, Mendebaldeko Saharan ez ezik, nazioartean ere, Fronte Polisarioak berriz ere Marokoren aurka armak hartzeko aukera aztertuko baitu. Izan ere, sahararrek lurralde okupatuetan eta kanpamentuetan duten bizimodu gogorraren eraginez, eta nazioartetik konponbiderik ez dela heldu ikusita, herritarren artean hazi egin da aukera horren aldeko sostengua. Abdelazizek ez du gerra zuzenean aipatu, baina «helburu nazionalak» lortzeko «zilegi diren bitarteko guztiak» erabiltzeko prest daudela adierazi du.
Abdelazizek erakutsi nahi izan du Fronte Polisarioak gatazkaren blokeoa bukatzeko duen irmotasuna. Borroka behin baino gehiago ahotan erabili duen kontzeptua izan da. «Saharako herriak askatasunarengatik eta duintasunarengatik borrokan segitzeko borondatea eta irmotasuna agertu du. Baita garaipenean daukan fedea ere». Urtetako «borrokaren eta sufrimenduaren» ondoren, «zalantza gehiagorako tarterik» ez dagoela adierazi du Abdelazizek. Fronte Polisarioaren gaitasun militarra ere goraipatu du. «Sahararen Askapenerako Herri Armadaren historia garaipen loriatsuz beteta dago, gero eta kide gehiago ditu, eta askapenerako eginkizuna betetzeko erabakia hartua du».
Errefuxiatuen kanpamentuetatik, askatutako lurretatik, lurralde okupatuetatik eta erbestetik etorritako 2.100 ordezkari parte hartzen ari dira kongresuan. Independentzia da irtenbidea du leloa, eta Tifaritin elkartu dira guztiak, Marokorekiko gerran (1975-1991) askatutako eremuan.
Europaren keinua
Bilkura heldu den astelehenean bukatuko dute, eta orduan plazaratuko dituzte hartutako erabakiak. Abdelazizek hitzaldian erabilitako hizkera neurtua nazioarteari igorritako mezua izan da, gatazka armatua saihestu nahi badu, Maroko gehiago presionatu eta blokeo egoera bukatzen lagundu dezan. Aspalditik konpondu gabeko gatazka bat berpizteak ezegonkortasun are handiagoa emanen lioke aurten matxinadek astindutako eremuari.
Fronte Polisarioari eginiko keinutzat uler liteke horrela EB Europako Batasunak Marokorekin zuen arrantza akordioa hausteko hartutako erabakia, hain justu, kongresua hasteko bezperan. Bi aldeen erreakzioa ikustea bertzerik ez dago. Fronte Polisarioarentzat, «garaipena» izan da EBk hartutako erabakia. Marokok, berriz, ordu batzuetako epea eman zien Europako ontziei alde egiteko. Auzia garrantzitsua da, lurraldetasuna eta baliabide naturalen ustiapena hartzen baititu bere gain. Marokok Mendebaldeko Saharako urak kontrolatzen jarraituko du, baina arrantza akordioaren bidez, EBk inplizituki onartzen zuen Rabatek ur horiekiko zuen jabetza. Eta, oraingoz, nazioarteak ez du onartzen Mendebaldeko Sahara Marokoren zati dela, nahiz eta lurralde puska handiena okupatua eduki.
Matxinaden testuingurua
Tifaritin herrialde arabiarretako matxinadak ere gogoan izan dituzte. SEADeko presidente Abdelazizek erran du borroka horien testuinguruagatik XIII. Kongresua «berezia» dela. Marokon ere protestak izan dira, eta Mohamed VI.ak erreformak egin ditu. Dena den, sahararrek uste dute Maroko barnean soilik erreformak onartu ez dituzten gazteek ekarri dezaketela aldaketa.
«Hil arte edo irabazi arte» eginen dute borroka sahararrek
Abdelaziz Fronte Polisarioko burua XIII. Kongresuaren ildoez aritu da hasiera ekitaldian Tifaritin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu