Azken orduetan bi dira hildako palestinarrak. Astearte goizean, Hadeel al-Hashlamon 18 urteko neskari tiro egin diote Israelgo soldaduek Hebronen, ustez neskak labanaz eraso egin behar ziela eta. Hiru balak zauritu dute, eta ordu batzuk geroago hil da.
Astelehen gauean, berriz, Jursan (Zisjordania) hil zen beste palestinar bat. Israelgo Armadaren arabera, lehergailu bat soldaduen auto bati jaurtitzera zihoala, hark eztanda egin zuen. Guztira 25 lagun hil ditu aurten tiroz Israelgo armadak. Epe berean, lau israeldar hil dira palestinarren erasoen ondorioz.
Egoerak okerrera egin du azken asteetan, eta Mahmud Abbas Palestina Askatzeko Erakundeko presidenteak egoeraren larriaz ohartarazi zion duela bi aste Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari, gutun bidez. Abbasek jakinarazi zion bake prozesuak etenda jarraitzekotan palestinarrek amaitutzat jo ditzaketela 1990ko hamarkadan eginiko Osloko akordioak.
Gainera, Abbasek baztertu egin du Al Aksako meskita judutarren eta musulmanen artean banatzeko Israelgo Gobernuaren asmoa: "Meskitan sortu den egoera oso arriskutsua da. Baina are okerragoa da Israelek meskita musulmanen eta judutarren artean banatu nahi izatea". Astebete baino gehiago da Israel Meskiten Zabalgunean musulmanen sarrera oztopatzen hasi zenetik, eta tentsioa eragin du neurri horrek.
Asteazkenean, Yom Kippur Judaismoko festa nagusia dute Israelen, eta Israelek itxita izango ditu Gazatik eta Zisjordaniatik Israelerako sarbide guztiak.