Eskuin muturreko talde batek Clement Meric ikasle ezkertiarrari eraso zion atzo Parisen, eta gaur hil da. Mericek 18 urte zituen, eta politika zientziak ikasten zituen. Atzo arratsaldean oldartu zitzaizkion Parisko Saint Lazare geltokitik gertu, Ezkerreko Alderdiak jakinarazi duenez.
Alderdi horren arabera, Gazteria Nazionalista Iraultzailea izeneko talde ultraeskuindarreko kideek eraso diote Merici. Hiru pertsonak jo zuten, eta buruarekin zutoin bat jo zuen hurrena. Erasotzaileek ihes egin zuten, lekukoen arabera. Erietxera eraman zuten gaztea, baina goizaldean medikuek adierazi dute garun heriotza iritsi zaiola.
Frantziako Poliziaren arabera, erasoa "politikoa" izan da. Manuel Valls Frantziako Barne ministroak jakinarazi du lau pertsona atxilotu dituztela erasoarekin zerikusia izan dezakeelakoan, gaztea jipoitu zuena barne. 20-30 urte artean dituzte laurek.
Poliziak uste du erasotzaileak Gazteria Nazionalista Iraultzaileko "ildo gogorraren ingurukoak" direla, baina ez dute informazio hori baieztatu.