Iraken aurkako erasoan gutxienez 6.000 zibil hil direla baieztatu dute azken ikerketek. Orain arte erasoan 500 hil zirela aipatzen zen, baina herrialdeko hainbat eskualdetan egindako ikerketek nabarmen igo dute hildakoen kopurua. IBC Irakeko Kontaketa Batzordea ari da ikerketa egiten, eta kopuru erreala agian 6.055 eta 7.706 artekoa dela esan du. «Oraindik heriotzen berri bildu ez duten hainbat toki daude, eta jakin badakigu bertatik tropak pasatu zirela», dio Ikerketa Batzordeko ikertzaile John Slobodak.
Batzordeak Londres eta Washingtonen jarrera salatu du, eta erasoak «ahalik eta hildako gutxien eragitea» helburu zuela aipatu izana gaitzetsi dute ikertzaileek. «Zehaztasun handiko arma inteligenteaz mintzatu ziren. Beraz, gerra garbia izango zela ondorioztatu genuen, baina 6.000 hiltzea ez nuke hartuko kopuru apaltzat», gaineratu du.
Bien bitartean, irakiar errefuxiatuen itzulera «mugatua eta geldoa» izango dela adierazi du Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordeak. Erakundearen ustez, lau milioi irakiar daude errefuxiatuta; milioi bat gerraren ondorioz.
Irakeko behin-behineko aginteak diru berri bat ateratzeko asmoa agertu zuen atzo.
Bi buruzagi, atxilotuta
Bestetik, AEB Ameriketako Estatu Batuetan «55 irakiar bilatuenen zerrendan» dauden bi buruzagi atxilotu zituzten soldadu estatubatuarrek. Haietako batentregatu zela jakinarazi dute, ordea.
Azkenik, Iraken suntsipen handiko armak zeuden edo ez argitzeko eskatu du AEBetako oposizio demokratak, herenegun Etxe Zuriak Bagdadek uranioa erosi izana faltsua zela onartu ondoren. Demokratek «ikerketa sakona» egiteko eskatu dute.
AEBetako presidente George Bushek, berriz, Iraki erasotzea «zuzena» izan zela baieztatu zuen atzo. «Irakiarrei eta munduko herritar guztiei mesede egin die», esan zuen.
IRAKEKO OKUPAZIOA
Hildakoak 6.000 direla diote azken ikerketek
«Ahalik eta gutxien hiltzeko xedea» zuen erasoaren sustatzaileak kritikatu dituzte adituek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu