Nahiz eta ostegunean Bashar al Assad Siriako presidenteak bertan behera utzi zuen Larrialdi Legea —1963tik zegoen—, oposizioa berriro kalera atera zen atzo, 40 bat manifestaziotan, eta Siriako Poliziak ehunen bat lagun hil zituen, Bachar al Asaden aurkako Siriako Iraultza taldeak zabaldu duenez. Gaur haietako askoren aldeko hiletak izan dira, eta hamar lagun zendu dira.
Poliziaren jokabideak kritika handiak eragin ditu herrialdean bertan eta nazioartean. Siriako bi diputatuk dimisioa eman dute. AEBek, Europako Batasunak, Nazio Batuen Erakundeak edota Errusiak Siriako Gobernuaren jarrera salatu dute, eta indarkeria amaitzeko eta aldaketak egiteko eskatu diote.
Deraan, Duman, Homsen edota Damaskon izan ziren atzo hildako gehien, poliziek tiro eginda. Gaur Dumako hiletetan hiru lagun zendu dira, eraikin goietatik tiroak jasota. Deraan polizia indarrek bost pertsona hil dituzte. Damaskon bi gutxienez zendu dira polizien tiroengatik.
Erregimenaren bukaera eskatu dute gaurko protestetan ere. Ustelkeriaren aurka eta askatasunaren alde ere agertu dira.
Siriako hainbat hiri setiatuta daude gaur ere, eta kale eta plazetan milizia armatuak dabiltza.