«Hilketarik egin ez duten» 500 preso askatu ditu Siriako Gobernuak
Sana agentzia ofizialak jakinarazi duenez, «azken gertakarietan parte hartu duten baina hilketarik egin ez duten»500 preso askatu ditu Siriako Gobernuak. Kofi Annan Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziak herrialdea utzi eta biharamunean jakinarazi du hori Damaskok —bi eguneko bidaia egin du Annanek, eta Baxar al-Assadekin elkartu da—. Sirian bakea ezartzeko Annanen planaren puntuetako bat da, hain zuzen, preso politikoak askatzea. Sana agentziak oroitarazi du aurten ere «azken gertaeretan parte hartu duten» ehunka preso gehiago askatu dituela gobernuak, baina zehaztu du «eskuak Siriako herriaren odoletik garbi» zituztenak zirela. Horrela, urtarrilaren 5ean 552 askatu zituztela dio, apirilaren 21ean bertze 30, maiatzaren 5ean 265, eta handik 11 egunera 250.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu