Hillary Clintonek bere gain hartu du Libiako erasoaren erantzukizuna

AEBetako Estatu idazkariak esan du Obamak eta Bidenek ez dutela erantzukizunik Bengaziko atentatuan

Erredakzioa
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Libiako Bengazi hirian irailaren 11n egindako atentatuaren erantzukizun politikoa bere gain hartu du Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak. AEBen Libiako enbaxadorea eta beste hiru lagun hil zituzten erasoan Etxe Zuriak duen arduraz galdetuta, Clintonek esan du Estatu departamentua berak zuzentzen duela, eta horregatik, mundu guztiko enbaxadak zaintzeko ardura berea dela. Nabarmendu du Barack Obama AEBetako presidenteak eta Joe Biden presidenteordeak ez dutela erantzukizunik arlo horretako erabakietan.

AEBetako presidentetzarako kanpaina bete-betean, errepublikanoek Libiako erasoaren ondoren Obamaren gobernuak egindako kudeaketa gaitzetsi dute. Etxe Zuriak hasieran azaldu zuen atentatua Musulmanen inozentzia filmaren harira egindako protesten ondorio izan zela. Lehengo astean, ordea, Estatu departamentuko hainbat ordezkarik jakinarazi zuten erasoaren aurretik Bengaziko enbaxadaren kanpoaldean ez zela inolako protestarik egin. Horren ondorioz Alderdi Errepublikanoko kideen artean sortu diren erreakzioak itzaltzen saiatu da Clinton: «Libiako auzia segada politiko bat bilakatzea saihestu nahi dut».

Etxe Zuriaren Libiarako plana

The New York Times egunkariaren arabera, gobernuaren hipotesi nagusia da Magreb Islamikoko Al-Qaeda dagoela Bengaziko erasoaren atzean. Egunkariak jakinarazi duenez, Etxe Zuriak zortzi milioi dolar gorde ditu Libiako Gobernuari muturreko islamistei aurre egiten laguntzeko. Adierazi dutenez, AEBetako Kongresuak Obamari irailean eman zion baimena Pakistani laguntza militarra ematera bideratuta zegoen dirua Libian goi-mailako armada bat sortzen erabiltzeko.

Plana AEBen Libiako enbaxadorea hil aurretik jarri zuten martxan, The ew York Timesen informazioaren arabera. Hain zuzen ere, Estatu departamentuak irailaren 4an bidali zion txosten bat kongresuari, Libian aurrera eraman asmo zituen segurtasun neurrien inguruan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.