Hillary Clinton Estatu idazkari ohiari eta Barack Obama presidente ohiari bidalitako "bi pakete susmagarri" atzeman ditu AEBetako zerbitzu sekretuak. Herrialdeko presidentearen eta presidente ohien segurtasunaz arduratzen den zerbitzuak azaldu duenez, paketeak "lehergailu gisa identifikatuak izan dira berehala, ohiko posta azterketan, eta behar bezala kudeatu dira".
Clintonek eta Obamak ez dituzte paketeak jaso, eta "ez dute paketeak jasotzeko arriskurik izan", zerbitzu sekretuaren esanetan.
Pakete susmagarriak estatuko bi goi kargu ohien etxebizitzetara bidali dituzte: Clintonen Westchester konderriko etxera (New York, AEB) eta Obamaren Washingtongo etxera.
Atzemandako bi paketeak astelehenean George Soros dirudunaren etxera bidalitakoaren antzekoak dira, The New York Times egunkariaren arabera —segurtasun indarretako iturriak aipatu ditu—. Sorosen New York iparraldeko etxera lehergailu bat bidali zuten, eta poliziak kontrolpean leherrarazi zuen.
Etxe Zurian ere pakete susmagarri bat atzeman dutela adierazi du CNN telebistak, baina AEBetako zerbitzu sekretuak gezurtatu egin du informazio hori.
CLARIFICATION: At this time the Secret Service has intercepted TWO suspicious packages - one in NY and one in D.C. Reports of a third intercepted package addressed to the WH are incorrect. We refer media to our statement: https://t.co/lJdTn04KmI
— U.S. Secret Service (@SecretService) 24 de octubre de 2018
Pakete susmagarrien gaineko informazioek urduritasuna eragin dute AEBetako zenbait gunetan. New Yorken, CNN telebistaren bulegoak hartzen dituen Time Warner eraikina hustu dute, ustezko lehergailu batengatik.