Goizean bederatzi eta erdiak aldera egin diete harreraLampedusako herritarrek Enrico Lettari eta Jose Manuel Durao Barrosori. "Lotsagarria", eta "hiltzaileak" oihukatu dute, eta eskatu diete immigranteak sarrarazten dituzten lekuetara joateko, nola bizi diren ikusteko. Denbora daramate uhartean egoerari ezin aurre eginda.
Giro beroa baretzeko hitzak egin ditu Durao Barrosok: "Modu egokian erreakzionatu" behar du Europak, eta Italiari ezin dio bakarrik utzi: "Italiako arazoa Europa osokoa bezala ikusi behar da"". Horrez gainera, Italiak eta Europako Kontseilkuak hitzartu dute datorren Europako Batzordeak hartzen immigrazioaren gaia, urriaren 24an eta 25ean, Bruselan.
Lampedusako alkate Giusi Nicolinik hainbat eskutitz bidali izan dizkio Barrosori —arazoa aspaldikoa baita—uharteak horrenbeste pertsona ezin dituela behar bezala artatu esanez, eta irtenbideak Europatik etorri behar duela, baina orain arte ez du erantzunik jaso. Gaur goizean egingo du bileras Barrosok Nicolinirekin, baina alkateak ez du bestelakorik eskero. Oharra egin zien atzo agintariei: "Dolumina agertzera baino ez etortzen badira, bidal dezatela telegrama bat".
Afrikatik Europara egiten duten paperik gabekoen iritsierak kezkatuta dauzka Europako agintariak, baina iritsiera mugatzeko kontrol neurriak zorroztea besterik ez dute hitzartu Europako Batasuneko Barne ministroek atzoko bileran, ezta horrelakoak gertatzen direnero egin izan dituztenetan ere, eta arazoak kontrolaezina izaten jarraitzen du, bestelako neurriren baten beharrean. Lampedusan joan den astean ehunka immigrante hil ziren uhartera bidean, ontziak su hartu ondoren. Orain arte 289 gorpu atera dituzte uretatik, eta 70 bat gorpuk jarraitzen dute ur azpian; bizirik atera diren 155ak aurretik iritsitakoekin pilatu dituzte: 300 lagunentzat egokitutako lekuan, 1.000 pertsona inguru daude orain, inork beretzat nahiko ez lukeen egoeran. Lotarako babeslekurik ere izan gabe daude han, eta atzo gauean protesta egin zuten beren egoera salatzeko.