«Hiltzea merezi zuten»

Erresuma Batuko armadak IRAko zortzi kide eta zibil bat hil zituen 1987an. Irlanda iparraldeko Poliziaren ikerketa batek militarren jarduna justifikatu eta babestu du.

Erresuma Batuko Aire Zerbitzu Bereziak IRAko zortzi kide eta zibil bat hil zituen 1987ko maiatzaren 8an, Loughgallen, Irlanda iparraldean. BERRIA.
Jon Fernandez.
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Duela ia 25 urte SAS Erresuma Batuko Aire Zerbitzu Bereziak hildako IRAko zortzi kideek «hiltzea merezi zuten». Gregory Campbell DUP Alderdi Demokratiko Unionistako buruaren adierazpenak hautsak harrotu ditu Irlanda iparraldean. Berehala erantzun dio Barry McElduff Sinn Fein alderdi errepublikanoko legebiltzarkideak: «Loughgallen hil zituzten gizonak hiltzeko tiro egin politikaren biktimak izan ziren». Koalizio gobernu bereko kideak dira biak, eta McElduffen koinatua zen hildako IRAko zortzi kideetako bat.

PSNI Ipar Irlandako Polizia Zerbitzuaren txosten batek berpiztu du Loughgalleko martirien gaineko eztabaida. Izan ere, Belfast Telegraph egunkariaren arabera, PSNIren HET Ikerketa Historikoetarako Taldeak ondorioztatu du 1987ko maiatzaren 8an, Loughgalleko polizia etxean, IRAko taldea hasi zela tiroka, eta ez SAS. Arratsaldeko zazpietan gertatu zen hilketa. RUC Royal Ulster Constabulary zen garai hartan Irlanda iparraldeko Polizia, eta hark Armagh konderriko Loughgall herrian zeukan egoitzari eraso egitekotan zen IRAko Tyrone Ekialdea komandoa. Ehun kilo lehergailuz betetako induskagailua sartu zuten polizia etxean, hura leherrarazi etafurgoneta urdin batean ihes egiteko asmoz. Baina SASek aurretik izan zuen ekintza horren berri, eta 24 agente jarri zituen polizia etxearen inguruan, sasi artean ezkutatuta —eta beste hainbat ihesbide ere ixten—, IRAko kideak ezustean harrapatzeko. Eta halaxe harrapatu zituzten.

Bi bertsio, aurrez aurre

Orain arteko bertsio zabalduenaren arabera, Margaret Thatcher Londresko gobernuburu kontserbadoreak urte haietan markatutako hiltzeko tiro egin politikaren adibiderik argiena izan zen Loughgallekoa. SASeko agenteek hasi zuten tiroketa zortzi ekintzaileen kontra: H&K G3 potentzia handiko errifleekin egin zieten eraso, eta 600 tiroaldi egin zituzten —IRAko taldeak, berriz, 70—. Zortzi ekintzaileak momentuan hil ziren, eta baita lanaldiaren ostean anaiarekin autoan etxerantz zihoan Anthony Hughes 36 urteko langilea ere. Laneko arropa urdina zeramaten bi anaiek soinean, IRAko kideek bezala, eta tiroketaren unean ondoko errepidetik pasatu ziren, kasualitatez. Militarrek ekintzaileak zirelakoan egin zieten tiro, eta Oliver Hughes zauritu eta Anthony anaia hil zuten.

Bestelakoa da, ordea, HETek eman berri duen bertsioa. Haren arabera, IRAko taldeak hasi zuen tiroketa polizia etxearen inguruetan zeuden agenteen kontra. Ikerketak, horrenbestez, babesa eta justifikazioa ematen dio SASeko agenteen jarrerari, «ezinezkoa zelako terroristak atxilotu eta aldi berean agenteen segurtasuna bermatzea».

Duela hamar urte Giza Eskubideen Europako Auzitegira iritsi zen bederatzi hilketen kasua, eta tiroketan hildakoen familiei kalte ordainak emateko agindu zion hark Erresuma Batuko Gobernuari: 11.600 euro bakoitzari. Orain, baina, HETen txosten berriaren ondorioak ezagutu ostean, ez dago argi zer gertatuko den ordain ekonomiko horiekin.

Ikerketa historikoaren lana

Irlandako bake prozesua ondo sendotuta zegoela abiatu zen,PSNIren barnean, HETeren lana: Irlanda iparraldeko gatazkaren argitu gabeko milaka hilketa ikertzea. Ehun detektibek osatzen dute taldea, eta 44 milioiko aurrekontua dute —gehiena Londresek jarria—. 2013an desegingo da taldea, eta amaitzerako, 3.268 kasu ikertzea espero dute.

1960ko hamarkadaren amaieran hasi zen SAS RUCekin elkarlanean, Down konderrian, IRAren kontrako operazioetan. 1970eko hamarkadan, Irlanda iparralde osora zabaldu zen haren jarduna, eta 1980ko hamarkadan, ezusteko erasoetarako eta segadetarako talde bereziak sortu zituen. Loughgallekoa izan zen IRAren kontrako segadarik handiena, baina antzekoak ere egin zituen SASek urte batzuk lehenago eta geroago ere. Azken segada 1992an egin zuen, Clonoen. IRAko talde bat hango polizia etxeari eraso egitera zihoanean kamioi batean jarritako metrailadore astun batekin egin zien su: IRAko lau kide hil zituen, eta beste bi atxilotu.

Londresen gerra zikinaren paradigma da, beraz, HETren ikerketak zalantzan jarri duena. Ikur bilakatu dira Loughgalleko martiriak, hainbat abestiren letrak eta hormetako muralak betetzeraino. Hilketen kontakizun berriak, hortaz, ez du berehala konbentzituko Ipar irlandako gizartea. «Inork ez du sinesten norbait atxilotzeko bidali zutenik Erresuma Batuko armadaren unitate hura Loughgallera», adierazi du McElduff errepublikanoak, Campbellek HETen ondorioak «atseginkeria onartezinez» hartu dituela salatu ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.