Hiltzera zigortu dute Tarek Aziz Irakeko Atzerri ministro ohia

Xiiten aurkako jazarpena bultzatzeagatik kondenatu dute Saddam Husseinen agintean presidenteordea izan zena

2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Saddam Hussein agintean zela (1979-2003) Irakeko Atzerri ministro eta presidenteorde karguetan jardun zuen Tarek Aziz hiltzera kondenatu zuten atzo herrialde horretako Zigor Auzitegi Gorenak. Harekin batera hiltzera zigortu dituzte beste bi buruzagi ohi: Saadun Shaker Barne ministro ohia, eta Husseinen idazkaria izandakoa, Abid Hamudi.

Azizek bere burua entregatu zion Ameriketako Estatu Batuetako armadari 2003ko apirila amaieran, hots, Washingtonek osatutako nazioarteko koalizio militarrak Irak inbaditzetik hilabetera. Iazko martxoan, Irakeko Zigor Auzitegiak hamabost urteko kartzelara zigortu zuen 1992an Bagdadeko 42 dendari exekutatzeagatik. Nazio Batuen Erakundeak Iraki blokeoa ezarri zion garaian salgaien salneurriekin espekulatzeagatik hil zituzten dendariak.

Irakeko agintari politiko berriek eratutako auzitegiak hartutako erabakiak, aldiz, herrialdean gehiengoan dauden xiiten kontra 1980ko hamarkadan eta 1991 eta 1992. urteetan gertatutako zapalkuntzan du oinarri. «Epaiketa engainu hutsa baino ez da izan», salatu du Azizen abokatu Giovanni di Stefanok, zigorraren berri hartu orduko. Buruzagi ohiaren seme Ziad Azizek, berriz, «mendekutzat» jo du sententzia: «Antzinako agintarien aurkako mendeku eta suntsitze politiken jarraipen bat baino ez da».

Musulman suniten nagusitasunean euskarritua zen Saddam Husseinen agintean, kristau sineskerako bakarra zen gaur egun 74 urte dituen Tarek Aziz. Erregimen horretako nazioarteko ordezkaria ere zen, Atzerri ministro jardunean egon zenez gero. Iragan uztailean, AEBetako armadaren Cropper basetik Kazimiako espetxera eraman zuten buruzagi ohia.

Joan den irailean, haren abokatuak iragarri zuen Irakeko Gobernuak aske uzteko erabakia har zezakeela, Azizen osasun egoerak txarrera egin zuela argudiatuta. Alabaina, Nuri al Maliki lehen ministroaren ingurukoek berehala gezurtatu zuten berri hori. Zigor Auzitegiaren erabakia jakin orduko, Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi komisario Catherine Ashtonek jakinarazi du Bruselakeskatuko diola Bagdadi Aziz ez exekutatzeko.

Ezkutuko dokumentuak

WikiLeaks informazio guneak joan den asteburuan zabaldutako ezkutuko txosten militarren auziak hautsak harrotzen jarraitzen du. Hala, AEBetako armadako agintariek ukatu egin dute Iraken zazpi urteotan egon diren indarkerietan hildako biktima zibilak ezkutatzen ahalegindu direla. «Biktima zibilen kopurua murrizteko ahaleginik ez dugu egin», adierazi du Iraken AEBetako tropen buruzagi goren izandakoak, George Casey jeneralak. Horrek ziurtatu du soldadu estatubatuarrak hiltegietan ibili zirela hildakoak zenbatzeko xedean. Pentagonoko eledun Dave Lapan koronelak zehaztu du, aldiz,AEBetako armadak ez duela inoiz esan biktima zibilen kopuru zehatza emango zuela. «Urteak pasatu ahala, indarkerien balantze zehatza egitea ezinezkoa dela ohartu gara», azaldu du Lapan koronelak.

Anartean, indarkeriek jarraitzen dute, eta gutxienez zazpi lagun hil ziren atzo, Bagdad eta Bakuba hirietako atentatuetan. Hiriburuan, kalean ezkutatutako bonba batek eztanda egin zuen Plangintza ministro Mehdi al Alak zeraman konboia albotik igarotzean. Al Alak onik irten zen, baina zibil bat hil zen, eta hiru zauritu ziren. Bakuban, sei militar irakiar hil ziren antzeko beste eraso batean.



Zigortutako agintari ohiak

EXEKUTATUAK

2006ko abenduaren 30a. Saddam Hussein Irakeko presidente ohia urkatuta hil zuten.Hussein 2003ko abenduaren 13an atxilotu zuen AEBetako armadak. 2006ko azaroaren 5ean, hiltzera kondenatu zuen Irakeko Zigor Auzitegi Gorenak. Husseinen abokatuak epaiketari jarritako helegitea atzera bota zuten abenduaren 26an.

2007ko urtarrilaren 15a. Husseinekin batera hiltzera zigortuak izan ziren haren koinata Barzam Ibrahim al Tikriti eta Irakeko informazio zerbitzuetako buru izandako Auad Hamed al Bander exekutatu zituzten. Horiek Kurdistango Dujail hirian 1982. urtean egindako sarraskiaren -148 hildako- erantzule izateaz akusatu zituzten.

2007ko martxoaren 20a. Irakeko presidenteorde Taha Jasin Ramadan urkatuta hil zuten. Hori ere Dujailgo triskantza bultzatzeaz akusatu zuten. Hasieran, bizi osorako zigorra ebatzi zuten epaileek, baina Fiskaltzaren helegitearen ostean, heriotzara kondenatu zuten.

2010eko urtarrilaren 25a. Ali Hassan al Majid exekutatu zuten. Saddam Husseinen lehengusua Ali kimikaria ezizenez zen ezaguna. Izen hori eman zioten Iraken menpeko Kurdistanen gas hilgarriekin aire erasoak manatu zituelako. 1980ko hamarkadan gertatu ziren eraso horien ondorioz, milaka kurduk bizia galdu zuten.

PRESO DAUDENAK

Bizi osorako zigorrak. Husseinen garaiko beste agintari batzuk bizi osorako kartzelara kondenatuak izan dira azken urteotan. Hala gertatu zen Sultan Hashim Ahmad al Tai Defentsa ministroarekin, eta Farhan al Juburi eta Sabir al Duri goi arduradunekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.