Milaka polizia ibili zen atzo ere Parisen patruilatzen, elkarretaratze handien debekua bermatzeko eta urriaren 27an piztutako liskarrak hiriburuko erdigunera irits ez zitezen. Asteartean Jacques Chirac presidentearen gobernuak larrialdi egoera eta kasu anitzetan etxeratze aginduak indarrean jarri arren, haserre giroak bere hartan dirau langabeziak, arrazakeriak eta bazterketak jotako auzuneetako gazte zein helduengan. Azken egunotan liskarrak oro har gutxituz joan badira ere, ostiral gauak (istiluen 16.a) erretako ibilgailuen gorakada ikusi zuen berriz.
Poliziako Zuzendaritzak (DGNP) emandako datuei jarraiki, 502 auto erre zituzten herenegun gauean, eta Poliziak 206 lagun atxilotu zituen. Hortaz, ostegun gauean erretako auto kopurua gainditu zuen ostiralekoak; ostegunean, 463 ibilgailu kiskali zituzten. Haatik, herenegun istilu gutxiago izan ziren Ile-de-France eskualdean, Paris inguruko hiri eta auzuneetan. Istiluen gorakada gainerako hainbat hiritan gertatu zen. Poliziak esan zuen «indarkeriarako deiak» atzeman zituela Internet zein eskuko telefonoetako SMS mezuetan. Mezu horietan hainbat tokiri eraso egiteko eskatzen zuten, hala nola Eliseoei eta Eiffel dorreari. Agintariek hartutako neurri gogorren artean, hauxe nabarmen daiteke: atzo goizean hasi eta gaur iluntzea arte Parisen debekatua dago elkarretaratzeak egitea. Ondorioz, jendea ezingo da multzoka bildu, eta agindu hori hautsiz gero, zortzi eguneko espetxe zigorra eta 3.700 euro arteko isuna jaso daiteke. CRS Poliziako zuzendari nagusi eta Parisko prefet Christian Lambertek hauxe nabarmendu zuen Journal du dimanche egunkarian: «CRSek bazter auzoetan iraungo dute, harik eta lurralde horiek berriro konkistatu arte».Liskarren 16. gauak indarkeria pixka bat igotzea eragin duela agintariengan sortutako kezkaren erakusgarri da atzo Lyon hirirako hartutako neurria: atzoko eta gaurko gauetarako etxeratzeko agindua ezarri zuten adingabeentzat. Egunak dira agintariek 25 departamendutan etxeratze agindua ezartzeko baimena dutela. Alabaina, horietako seitan soilik ezarri dute oraingoz: Itsas Alpeetan, Sommen, Seine-Maritimen, Loireten, Euren eta Landetan. Horiei Lyon hiria erantsi behar zaie. Hiri horretan istiluak izan ziren atzo iluntzean, baita Parisen ere.Neurriak neurri, eta kontrolak kontrol, liskarrak ez dira amaitu, eta ez dago zantzurik berehala bukatuko direla esateko. Istiluak 163 udalerritan gertatu ziren ostiral gauean. Ile-de-France eskualdeko Maisons-Alfort hirian (Val de Marne) polizia etxe baten kontra sei molotov koktel jaurti zituzten herenegun gauean. Savigny-le-Templen (Seine eta Marne) sute batek ikastetxe baten kalteak eragin zituen, eta Rambouilleten (Yvelines) paper biltegi bati eta altzarien beste bati su eman zioten. Amiens hirian (Somme), aldiz, etxeratzeko agindua egonagatik ere, 30 bat pertsonak EDF transformadore bati eraso eta hiriko iparraldeko zenbait auzo ilunpetan utzi zituzten. Polizia agertzean aurre egin zioten. Ez dago atxiloketen edota zaurituen berririk. Saint Quentingo Aisne hirian,polizia batek bigarren graduko erredurak izan zituen, sutan zegoen auto batean molotov koktel batek eztanda egin ondoren.Sevranen (Seine-Saint Denis), eskola bati su ematea galarazi zuen Poliziak, eta bederatzi lagun atxilotu zituen. Bestalde, Lyon, Lille, Estrasburgo (Alsazia) eta Okzitaniako Marseilla eta Tolosa hirietan ere liskarrak izan ziren eta hainbat ibilgailu erre zituzten.
Manifestazioak
Atzo mila pertsonak manifestazioa egin zuten Parisko Saint Michel plazaraino, Gobernuak hartutako zapalkuntza neurrien kontra protesta egiteko. MRAP Arrazakeriaren Kontrako eta Herrien Arteko Adiskidetasunaren Aldeko Mugimenduak antolatu zuen martxa. Tolosan ere manifestazioa egin zuten 700 bat lagunek, «bazterketaren eta salbuespen legeen kontra».
Bien bitartean, bideo irudi batzuei esker, azaroaren 7an Bourgeten (Seine-Saint Denis) 19 urteko gazte bat jipoitu zuten bost polizia auzipetzea erabaki zuen herenegun epaile batek; horietako polizia bat, gainera, kartzelatzeko agindu zuen. Nicolas Sarkozyk horiek eta beste hiru polizia lanetik behin-behinean erretiratzea erabaki zuen.Atzo, aldiz, jipoitutako gazte hori bera atxilotu zuten etxean, lehenago sute bat eragin zuen talde batean parte hartzeaz akusatuta. Itxura batean, sutea itzaltzera iritsitako suhiltzaile batek ezagutu zuen gaztea. Bestetik, urriaren 27an poliziengandik ihesi transformadore batean ezkutatzerakoan elektrokutatutako bi gazteen heriotzaren ikerketa hasi zuen Tunisiako Gobernuak. Hildako bat, Zied Benna, tunisiarren ondorengoa zen. Frantziako egunotako liskarrak heriotza horiengatik piztu dira.
Bretainia eta Flandes
Frantziatik kanpo, Bretainian, Roazhonen, eta Flandesen ere izan zen iskanbilarik herenegun gauean. Flandesen, Brusela hiriburuan, bederatzi ibilgailu erre zituzten, baita paperontzi eta zuhaitz batzuk ere. Etorkinak eta etorkinen ondorengoak bizi diren auzoetan izan ziren erasoak, batez ere Molenbeek, Schaerbeek eta Saint Gillesen. Gainera, Mouscron eta Coxyde hirietan ere suteak eragin zituzten.
FRANTZIAKO LISKARRAK
Hiriburuan izan ezik, beste hiri askotan gora egin dute erasoek
Parisen eta Tolosan ehunka pertsona bildu dira bazterketaren eta Poliziaren neurri zapaltzaileen kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu