Enric Millo Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiak Kataluniako subiranisten kontrako epaiketan esan zuen urriaren 1ean jendeak "Fairy" bota zuela lurrera poliziak irristatu eta lurrera eror zitezen. Esan horri buelta eman, eta umoretsu, asko dira egunotan Fairy potearekin kalera atera diren protestariak. Gaur, dei berezia egin dute CDRek garbigarria hartuta kalera ateratzeko, eta halaxe erantzun du jendeak.
Goizean Parlamentuan izan da foko nagusia. Konstituzionalaren oharrei entzungor eginez, Kataluniako Parlamentuko mahaiak tramiterako onartu du ERCk, JxCatek eta CUPek epaiari erantzuteko asmoz proposatutako ebazpena, autodeterminazio eskubidearen defentsa egin ez ezik monarkia gaitzetsi eta Kataluniako herriaren subiranotasuna ere aldarrikatzen duena. Ganberako abokatuek ohartarazi dute hiru puntu horiek Konstituzionalaren irizpideak urratzen dituztela.
JxCren eta ERCren mahaiko ordezkariek ebazpenari bide ematearen alde bozkatu dute. Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak adierazi du ez duela diputatuak "zentsuratzeko" asmorik, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ohartarazpenak egin arren. Prest agertu da erabakiaren ondorioak bere gain hartzeko. Torrentek ziurtatu du "diputatuen ordezkaritzarako eskubidea" eta "adierazpen askatasuna" bermatuko dituela, eta ohartarazi du "zentsura" onartzeak "parlamentarismoa mugatzea" ekarriko lukeela.
Konstituzionalak ohartarazia zuen Parlamentuak ezin duela bozkatu halako ebazpenik, eta ez du bozkatuko, oraingoz. Izan ere, ohiko bideei jarraituz, bozketa azaroaren 10eko hauteskundeen ostean egingo litzateke. Ebazpenak ez du jasotzen Torraren proposamena, alegia, independentziari buruzko beste erreferendum bat egitea legealdiaren amaieran.
Kataluniako auziaren gaineko eztabaida Europako Kontseiluko Giza Eskubideen Batzorderaino ere heldu da. Dunja Mijatovic presidenteak Espainiari eskatu dio azter dezala ea segurtasun indarrek indarkeria "gehiegi erabili" duten. Mijatovicek, zehazki, 37 kazetarik aurkeztutako salaketen harira egin du eskaria; haietako bat da Albert Garcia El País-eko argazkilariarena. Hala, Batzordeko buruak Espainiari ohartarazi dio adierazpen askatasuna bera eta informazioa jaso eta zabaltzeko eskubidea bermatu behar dituela.
Horrez gain, indarkeria gehiegi erabiltzearen inguruko salaketak ere jaso ditu batzordeak; tartean, Amnesty International erakundeak egindakoa, gomazko balak eta foam jaurtigaiak erabiltzearen aurka. Alde horretatik, Mijatovicek esan du ohartzen dela Poliziak "eraso bortitzei" eta "bandalismo ekintzei" egin behar diela aurre, baina eskatu du halakoetan ere "proportzionaltasunez" jokatzeko.
Eztabaidak, ordea, izan du bestelako gorabeherarik. ERCko europarlamentari Diana Ribak aurkeztu du gaia batzordean, eta salatu Gorenaren epaiak oinarrizko eskubideak urratzen dituela, tartean adierazpen askatasuna. Ribaren azalpenak moztu egin ditu, ordea, Juan Fernando Lopez Aguilar sozialistak. Askatasun, Justizia eta Barne Gaietarako Batzordeko burua ere bada Lopez Aguilar, eta hainbat eurodiputatuk gaitzetsi egin dute hark Ribari hitza kendu izana eta, bere karguaz baliatuta, Espainiaren defentsan atera izana.
Picabaralla al comitè de Llibertats de l' #Eurocambra per la reacció de @JFLopezAguilar a la intervenció de @DianaRibaGiner sobre la sentència de l' #1Oct. Era un debat amb la comissària de DDHH del Consell d'Europa pic.twitter.com/tx6cPw9TfE
— Natàlia Segura (@nataliasegura_) October 21, 2019
Eurodiputatu sozialistak defendatu egin du bere esku hartzea, eta argudiatu ERCko kideak zioena ez zela zuzena, eta Espainiak ez duela inoiz hartu adierazpen askatasunaren aurkako neurririk.
Protestak
Astebete da Espainiako Auzitegi Gorenak buruzagi subiranisten aurkako epaia eman zuela, eta, protestak apur bat baretu diren arren, ez dira erabat gelditu. Gironan, esaterako, ikasle talde batek unibertsitateko sarrera-irteerak blokeatu ditu bigarren egunez, eta soilik irakasleei eta administrazioko langileei uzten diete eraikinetara sartzen.
Azken bi gauetan liskarrik izan ez bada ere, dagoeneko 202 dira protestetan atxilotutakoak, horietatik 95 Bartzelonan. Hori dela eta, datozen egunetarako hainbat ekinaldi antolatu dituzte presoak askatzeko eskatzeko.