Txina

Hiritik ateratzeko debekuak ezarri ditu Pekinek

Hiriko udal gobernuak 21 etxebizitza eremu bakartu ditu, eta egunean 90.000 COVID-19 proba egingo dituela azaldu du. Txinan 83.221 positibo baieztatu dituzte pandemia hasi zenetik.

Itxi duten etxebizitza eremuetako bat, Pekinen. ROMAN PILIPEY / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko ekainaren 16a
11:15
Entzun

Txinako Osasun Ministerioak beste 40 kasuren berri eman du. Horietatik 27 Pekin hiriburuan atzeman dituzte, eta han sortutako agerraldi berria zabalduz doa. Fengtai barrutiko Xinfadi elikagai freskoen azokako iturburu duen fokuak 107 pertsona kutsatu ditu oraingoz hiriburuan, eta horri erantzuteko plan bat prestatu behar izan du gobernuak: egunero 90.000 COVID-19 proba egiteko asmoa adierazi dute, eta hiritik ateratzea debekatu die pertsona arriskudunei, tartean, azken egunetan kutsatutako gaixoekin kontaktuan egon direnei. Herrialdeko beste hainbat eremutara ere zabaldu da, ordea.

Xinfadiko azoka da hiriburuko azoketan garrantzitsuena: 112 hektarea, 1.500 langile eta 4.000 postu baimendu baino gehiago ditu. Egunero, 1.500 tona arrain, 18.000 tona barazki eta 20.000 tona fruta ateratzen dira handik, bai hiriburuko denda eta jatetxeetara, bai inguruko Hebei, Shandong, Shanxi eta Liaoning probintzietara.

Pekingo Udala ari da gaitzaren zabalkundea ekiditeko lanetan. Lehen neurria azoka ixtea izan zen, larunbatean. Gainera, hango zuzendaria eta Fengtai barrutiko bi goi kargudun kaleratu dituzte. Horrez gain, hiriko 21 etxebizitza eremu bakartu ditu, merkatutik gertu egoteagatik. Erabaki bera hartu du Haidan barrutiko oinarrizko produktuen salmenta gune bati dagokionez ere, han ere hainbat positibo baieztatu ostean. Gauzak horrela, Gaixotasunen Kontrol eta Prebentziorako Zentroko zuzendari Gao Furen esanetan, birusaren sekuentzia genetikoa aztertuta, haren jatorria bilatzeko lanetan ari dira orain.

Agintariek debekatu egin dituzte hiritik ateratzeko taxi eta aplikazioei lotutako garraio zerbitzuak, COVID-19aren kutsadura ekiditeko asmoz. Hiriko garraio batzordeak adierazi du isunak ezarriko dizkietela Pekindik ateratzen direnei. Neurria atzotik dago indarrean, baina, oraingoz, ez du amaiera datarik.

Horrez gain, 4.340 lagun zaintzapean daude herrialde osoan zehar, kutsatutako herritarren batekin kontaktuan egon direlakoan. Izan ere, foku bakarra ez dago Pekinen. Atzemandako 40 kasu berrietatik 32 dira transmisio lokalekoak, hau da, ez dira atzerritik iritsi. Hiriburuan bertan, 27 atzeman dituzte, bat Sichuan probintzian eta beste lau Hubeien; probintzia hori eta bertako hiriburu Wuhan izan ziren gaitzaren foku nagusia urte hasieran.

Txinan, denera, 83.221 positibo baieztatu dituzte, eta 4.634 lagun hil dira gaitzaren eraginez. Oraintxe,  210 lagun ari dira jasotzen gaixotasunari aurre egiteko tratamenduren bat, eta bost besterik ez daude larri ospitaleratuta. Kontrara, 78.377 lagunek jaso dute sendagiria, zazpik azken 24 orduetan. Azken asteetan, Txinako Osasun Ministerioaren arazo nagusia atzerritik iritsitako 1.845 kasuak izan dira. Ospitaleratutakoen ia erdiak dira horiek: 91 lagun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.