Errusiak eta Japoniak hautsak hartutako iraganeko gatazka bat astindu dute berriro: Kuril uharteen jabetzaren gainekoa. Artxipelagoa Errusiako Kamtxatka penintsularen eta Japonia iparraldeko Hokkaido uhartearen arteko uharte zerrenda luzeak osatzen du. Guztia Errusiaren menpe dago, baina Hokkaidotik gertuen dauden lau uharteen jabetza aldarrikatzen du Tokiok. Japoniako Atzerri ministro Seiji Maehara Moskura joango da gaur, auziari buruz eztabaidatzeko. Kurilen inguruko azken ituna 1951koa da. Errusia SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren barrenean zegoen orduan, eta Josiv Stalin zen estatuburua. Japonian, berriz, Hirohito zen enperadorea.
Kunashir, Iturup, Shikotan eta Habomai multzoa dira aldarrikatutako uharteak. Errusiak Hegoaldeko Kurilak deitzen ditu, eta Japoniak, berriz, Iparraldeko Lurraldeak. Atzerri ministro Maeharak esan du «nazioarteko zuzenbidearen arabera» Japoniaren zati direla, eta Errusiaren «okupazioa» salatu du, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovekin bilera egin bezperan.
SESBek Bigarren Mundu Gerraren amaiera aldera okupatu zuen artxipelago osoa. Japoniak hegoaldeko uharteak ordutik aldarrikatu baditu ere, gatazkak indar berezia hartu zuen iazko azaroan, Dimitri Medvedev Errusiako presidenteak bisita ofiziala egin zuelako eremura —1945etik ez zen SESBeko edo Errusiako estatubururik egon han—. Irlak «Errusiako parte garrantzitsua» zirela adierazi zuen Medvedevek, eta Estatuak bertan inbertituko duela iragarri. Japoniako lehen ministro Naoto Kanek bisita «deitoragarria» izan zela adierazi zuen, eta gatazka diplomatiko larria sortu zen.
Gatazkaren berotzea
Azaroan piztutako sua, hil honen hasieran berpiztu da. Errusiako Defentsa ministro Anatoli Serdiukov uharteetan izan zen. Medvedek bisita gehiago eginen dituela iragarri zuen, eta, gainera, artxipelagoko indar militarrak indartzeko asmoaren berri eman zuen. Horrek berehalako haserrea sortu zuen Japonian, eta, bereziki, otsailaren 7an nabaritu zen hori. Egun horretan Iparraldeko Lurraldeen Eguna ospatzen dute Japonian, Gobernuak 1981ean hala erabaki zuenetik. 1855ean Japoniak Errusiarekin sinatutako Shimodako Itunaren urteurrena da egun hori. Akordio horretan bi herrialdeek artxipelagoa banatu zuten: hegoaldeko lau irlak Japoniarentzat, eta gainerakoa Errusiarentzat.
Aurtengo ekitaldian, Japoniako talde nazionalistek Errusiako banderak erre zituzten, eta Moskuk Tokiori egotzi zion gatazka «artifizialki» sustatzea. Herenegun, berriz, Medvedevek jakinarazi zuen arma «modernoak» ezarri dituztela irletan, eta segurtasuna bermatzeko «nahikoa» izanen direla adierazi zuen. Mugimendu militar horiei adi dagoela jakinarazi du Japoniak.
Bi herrialdeak elkarri mokoka ari diren bitartean, erabat ahaztuta daudenak irletako jatorrizko biztanleak dira: ainuak. Antropologikoki isolatutako herria da, eta Hokkaido, Kurilak eta Sakhalin uhartea (Errusia) dituzte jatorrizko bizileku. SESBek Hego Kurilak okupatu zituenean, ordea, bertatik bidali zituen ainuak, «Japoniako herritarrak» zirelako. Birikamosiri Elkarteak, ainuen izenean, behin baino gehiagotan aldarrikatu du uharteak ez direla «ez Errusiarenak, ez Japoniarenak», eta erakunde autonomo bat sortzeko eskatu du.
Hirohitoren eta Stalinen oinordetza
Kuril uharteen jabetzagatik azken 75 urteetan Errusiak eta Japoniak eduki duten gatazka berpiztu egin da azken egunotan. Japoniak horien gaineko subiranotasuna aldarrikatu du Atzerri ministroa Moskura joan bezperan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu