Kabul hiriburuan gertatu dira aurreneko bi erasoak, goizaldean. Afganistango inteligentzia zerbitzuen eraikin batean izan da aurrenekoa, EIko ekintzaile batek bere burua leherrarazi duenean. Bigarrena, jarraian, eraikinaren kanpoaldean gertatu da, eta EIk argitaratutako komunikatu baten arabera, lehen erasoari ihes egiten dietenak "txikitzea" zuen asmo. Afganistango Gobernuaren iturrien esanetan, gutxienez 21 dira hildakoak —tartean daude hiru kazetari—, eta 40 baino gehiago zaurituak. Pasa den astean beste eraso bat egin zuen EIK Afganistanen, eta 69 hildako eragin.
Hirugarren atentatua Kandahar probintzian gertatu da, herrialdearen hegoaldean. Ekintzaile suizida batek ibilgailu bonba bat leherrarazi du NATOren konboi baten kontra. Meskita baten ondoan leherrarazi du ibilgailua, eta, hain zuzen, haurrak zeuden meskitaren jolastokian. Erasoaren ondorioz gutxienez 11 dira hildako haurrak, eta 17, guztira, zaurituak.