Indian Bombay hirian hiru bonba lehertu dira gaur arratsaldean, eta hamahiru pertsona hil dira, agintariek baieztatu dutenez. Leherketak hiriko hiru toki desberdinetan gertatu dira: bat azokan, beste operan eta azkena auto batean. Hildakoez gain, 80 zauritu daude.
Leherketak ia une berean gertatu dira, eta agintariek alerta egoera ezarri dute. Barne Ministerioak eraso terrorista izan dela baieztatu du, eta arratsaldeko ordu jendetsuenean egin dutela. Larrialdi eta erreskate taldeak bertan dira une honetan.
India alertan egon da eraso terroristei begira, 2008ko uzatailean Bombayko atentatua gertatu zenetik bereziki. Atentatu hartan 166 lagun hil eta ehundaka zauritu zituzten. Gaur, eraso hura egin zutenetan bizirik jarraitzen duen pertsona bakarraren urtebetetze eguna dela azpimarratu dute bertako hedabideek.
Pakistango Gobernuak atentatua gaitzetsi du komunikatu batean, eta Indiako agintariei dolu minak adierazi dizkie "hildakoengatik, zaurituengatik eta propietateek jasandako kalteengatik".