Mundua

Hiru ekintzaile suizidak bederatzi lagun hil dituzte bart Groznin

Ramzan Kadirovek, Moskuren aldeko Txetxeniako presidenteak, neurri gogorragoak iragarri ditu, erasoak aitzakia hartuta.

2011ko abuztuaren 31
15:31
Entzun

Bart gauean hamabi pertsona hil dira Groznin, Txetxeniako hiriburuan, hiru atentatutan. Errusiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, hiru ekintzailek egin zuten eraso hirukoitza, soinean zeramatzaten lehergailuak zartarazita. Hil zituzten bederatzi lagunetatik sei poliziak ziren; funtzionario bat eta zibil bat ere hil ziren atentatuetan. 22 zauritu ere badira.

Lehen bonba Grozni erdigunean lehertu zen. Bi polizik nortasun agiriak eskatu zizkiotenean leherrarazi zuen bonba ekintzaileak. Hirurak hil ziren. Polizia gehiago eta larrialdi zerbitzuetako kideak gerturatu zirenean, beste bi ekintzaileek euren lehergaiak zartarazi zituzten, eta eurekin batera beste lau polizia, funtzionario bat eta zibil bat hil ziren bi eraso horietan.

Ramzan Kadirov Moskuren aldeko Txetxeniako presidentea gogor mintzatu da erasoen aurka, eta, horiek aitzakia hartuta, neurri gogorrak iragarri ditu: "Nahikoa da gerrillariekiko gure politika leuntzen hasiko garela esatea, horiek errugabeen odola isurtzen hasteko. Berriz ere, garbi geratu da neurri gogorrenek soilik amaiaraz dezaketela gaitz hori".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.