mundua

Hiru hilabeteko epean batasun gobernua eratzea hitzartu dute Al-Fatahek eta Hamasek

Palestinarrek Nakba edo Hondamendia oroitzen duten egunean, Al-Fatahek eta Hamasek adiskidetze bidean urrats garrantzitsua egin dutela jakin da. Hamaseko kide Moussa Abu Marzouqek Maan berri agentziari jakinarazi dionez, hiru hilabetean batasun nazionaleko gobernua eratzea hitzartu dute.

Berria.info
2013ko maiatzaren 15a
14:06
Entzun

Atzo bildu ziren, Kairon, Al-Fatah eta Hamaseko ordezkariak, eta, "elkarrizketa emankor baten ondorio", palestinarren bi indar politiko nagusiek uztail alderako batasun gobernua eratzea hitzartu dutela jakinarazi du Hamaseko kide Moussa Abu Marzouqek. Egiptoren bitartekaritzarekin, 2011ko maiatzean sinatu zuten Al-Fatahek eta Hamasek adiskidetze akordio bat, batasun gobernu bat osatu eta hauteskundeak egiteko. Bi urtean ez dute asmo hori gauzatzea lortu, baina atzo beste urrats bat egin zuten bide horretan.

Hamasek 2006an Gazako hauteskundeak irabazi ondoren, Yasser Arafat hil osteko liskarrak gogortu egin ziren bi mugimendu palestinarren artean. Armatan altxatu ziren elkarren kontra, eta, geroztik, Al-Fatahek Zisjordania kudeatzen du, eta Hamasen Gazako zerrenda.

Gaur, hain zuzen, Nakba eguna oroituko dute palestinarrek, Hondamendiaren eguna. Israelek 1948an estatu propioa sortu eta 700.000 palestinarrek beren bizilekuetatik alde egin behar izan zuten duela 65 urte. Orduz gero, israeldarrek ospakizun eguna dute maiatzaren 14a, estatu sionistaren sorreragatik, eta maiatzaren 15a dolu eta protesta eguna da palestinarrentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.