ITZALALDI ERRALDOIA

«Hiru ordu behar izan nituen etxera oinez heltzeko»

Edu Lartzanguren.
2003ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Zuzenean pairatu zuen ostiraleko itzalaldiaren ondorioa New York hirian bizi den Patxi Olabe euskaldunak. Hiria erabat geldituta, milaka lagunekin batera bizitako uneen berri eman dio berriari, telefonoa berriz abian jarri, eta jaso duen lehen deian.

Zein da egoera hirian ostiraleko itzalaladiaren ondoren?

Gaur (atzo) hiriko %25an soilik dago argindarra. Ni Queens auzoan bizi naiz, eta hemen jarri digute jada. Halere, jendea ez da lanera joan. Nik Soho auzoan den Pintxos jatetxean egiten dut lan, eta ez daukat hara nola joan. Ez dago metrorik, Manhattandik ateratzeko jarri dituzte autobusak, baina bertara sartzeko oso gutxi.

Nola bizi izan zenuen argi mozketa?

Jatetxera lauretan joan nintzen, egunero bezala. Ordu erdi batera argirik gabe ginen, jatetxean eta hiri osoan. Eskerrak han harrapatu ninduela mozketak. Ordu erdi goizago, eta metroan izango nintzen. Bagoietan eta igogailuetan jende pila bat geratu zen. Bi ordu eman genuen jatetxean argia noiz etorri zain. Auto bateko irratiari esker entzun genuen agintariek ziotela itzalaldia ez zela berehala konponduko. New Yorkeko alkateak dei egin zion jendeari, hiriko erdialdetik atera zedin.

Zergatik nahi zuten agintariek jendea ateratzea?

Nire ustez, azken itzalaldi handian gertaturiko lapurretak nahi zituzten saihestu.

Zer egin zenuen argindarra itzuliko ez zela jakitean?

Lagun batzuekin alboko taberna batean izan nintzen pare bat orduz, baina bederatziak zirela eta garraioa konponduko ez zutela ikusita, etxera abiatzea erabaki nuen. Beste modurik ez nuenez, oinez joan nintzen. Hiru ordu behar izan nituen etxera heltzeko. Jende pila bat zegoen kaleetan. Lanik handiena zubia gurutzatzen izan nuen. Soilik bide bat ireki zuten, beste guztiak autoz lepo zeudelako. Milaka pertsonarekin batera igaro nuen zubia.

Nolakoa zen giroa. jendea urduri zegoen?

Jendea lasai zegoen. Hasieratik esan zuten irratiek itzalaldiaren kausa matxura izan zela, eta ez zela inongo erasorik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.