Siria

Hiru urteko setioa amaituta, Nubul eta Zahraa bereganatu ditu Siriako armadak

Bake negoziazioak bertan behera utzi ditu NBEk, behin-behinean, Siriako Gobernuak "erasoak amaitu bitartean". Gerrak kaltetutakoentzako 8.300 milioi euro biltzea du helburu gaur hasi den nazioarteko diru emaileen konferentziak.

Siriako gerrako errefuxiatuak Erdingen, Alemanian. ANDREAS GEBER / EFE
arantxa elizegi egilegor
2016ko otsailaren 4a
08:52
Entzun

Hiru urte luze egin dituzte setiatuta eta bonbapean Siria iparraldeko Nubul eta Zahraa herrietan. Bart, ordea, borrokak amaitutzat eman zituen gobernuak, Errusiako hegazkinen laguntzarekin, talde armatuak kanporatu ostean.

Gehiengo xiita duten bi herriok eskuratzea garaipen garrantzitsua da Siriako armadarentzat; izan ere, kurduen kontrolpeko eremutik oso gertu daude, eta gerrillek pasabide gisara erabiltzen dituzte, muga zeharkatu eta hornigaiak lortzeko.

Bestetik, eta Siriako Gobernuaren jarrera oztopotzat jota, behin-behinean eta otsailaren 25a arte bertan behera utzi ditu NBEk bake elkarrizketak. AEBetako Estatu idazkari John Kerryk gaitzetsi du Siriako erregimenaren aldeko indarrek zibilen aurkako erasoekin jarraitzen dutela, argi utziz "nahiago" dutela irtenbide militarra, negoziazio mahaia baino.

Diru emaileen konferentzia

Gaur hasi da Londresen Siriarako diru emaileen nazioarteko konferentzia. Orotara, mundu osoko 70 buruzagi inguru bildu dira goi bileran, tartean Erresuma Batuko lehen ministro David Cameron eta Alemaniako kantziler Angela Merkel.

Konferentziaren helburua da 8.300 milioi euro biltzea, Siriako gerrak kalte eginikoei oinarrizko heziketa eta osasun zerbitzuak eskaintzeko.

Goi bileraren hasiera ekitaldian, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek ohartarazi du Siriako herritarrek duten egoera "ezin eutsizkoa" dela, eta hortik irteteko "modu bakarra" bake elkarrizketak direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.