AEB-ETAKO HAUTESKUNDEAK

Hirugarren aurrez aurrekoan, atzerri politika hizpide

Hirugarren eta azken eztabaida egin dute AEBetarako presidentegai Mitt Romneyk eta Barack Obamak. Inkesten arabera, egungo presidentea izan da garaile.

2012ko urriaren 23a
11:19
Entzun

Ameriketako Estatu Batuetako presidente izateko hautagaiek bart gauean egin dute azken aurrez aurreko eztabaida, eta kanpo politikaz mintzatu dira. Bozetarako bi aste eskas geratzen dira, eta inkestek Barack Obama Alderdi Demokratako presidentea jo dute garaile. %48k uste dute Obama nagusitu dela, eta %40k, aldiz, iritzi diote Alderdi Errepublikanoko hautagai Mitt Romney aritu dela hobeto.

Erasokor azaldu dira bi hautagaiak. "Badakit zuk ez duzula aukerarik izan kanpo politikarik egiteko, baina iritzia eskatu dizudan bakoitzean hanka sartu duzu", esan dio Obamak Romneyri. Alderdi Demokratako hautagaiak aurpegiratu dio Iraken esku hartze militarra egitearen alde agertu zela. Gainera, iraganeko politikak ezarri nahi izatea egotzi dio Romneyri: "Kanpo politikaz ari garenean, badirudi 1980ko hamarkadako politikak ezarri nahi dituzula". Izan ere, Errusia "etsai geopolitiko" gisa deskribatu du Romneyk.

Siria izan da eztabaidako beste gaietako bat. Gatazka hasi zenetik urtebete pasata, ezer ez dela lortu ziurtatu du Romneyk: "Ez ditut tropa militarrak Siriara bidali nahi". Hala ere, herrialde horretan "lidergoa" hartzearen alde egin du Alderdi Errepublikanoko hautagaiak. Obamak ihardetsi dio AEBek hainbat ekimen jarri dituztela martxan: "Siriaren lagunen taldea antolatu genuen, eta oposizioari logistikoki laguntzen ari gara".

Israel babesteko beharra nabarmendu dute bi presidentegaiek. Ahultasunez jokatzea eta Irani zigor handiagoak ez jartzea leporatu dio Romneyk Obamari. Egungo presidenteak, ordea, erantzun dio Israelen alboan egongo dela Iranek eraso eginez gero, baina esku hartze militarrak "azken baliabidea" izan behar duela, "ez lehena".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.