QUEBECEKO INDEPENDENTISMOA

Hirugarren erreferendumari so

Alderdi Quebectarrak espero du presidente berria hautatzearekin batera herrialdea Kanadatik bereizteko borroka bultzatzea, eta 1980an eta 1995ean huts egindako asmoa aurki beste galdeketa baten bitartez nagusitzea

2005eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Quebecen autodeterminazioaren gainean hirugarren erreferenduma egiteko aukera bolo-bolo dabil Quebecen nahiz Kanadako hainbat tokitan. Berriki 10 urte bete dira Kanadatik bereiztearen aldekoek oso-oso gutxigatik (%1 pasatxogatik) galdeketa galdu zutenetik, baina egoera aldatu da eta subiranistak baikor eta konfiantzaz beterik ageri dira hirugarren bozketari begira. Hirugarrenean agidanez? Itxaropen hori dute, behintzat. Halere, lehenago Quebeceko Gobernua berreskuratu nahi dute. Zentzu horretan, Parti Quebecois (Alderdi Quebectarra) bere presidente berria hautatzekoa zen bart, igandean hasitako bozketaren emaitzak ezagutaraztekoak baitziren.

PQko 140.000 kideek zortzi hautagairen artetik lau hautatu behar zituzten, lehentasunaren arabera ordenatuta. 39 urteko Andre Boisclair, alderdiaren guardia gazteko ordezkaria faborito nagusia zen azken egunotan, atzetik 56 urteko Pauline Marois beteranoa 20 urte baino gehiago eman ditu alderdian eta hainbat ministro kargu izan ditu urteotan zuela. Richard Legendre eta Louis Bernard ere ageri ziren faboritoen artean, baina askoz ere atzerago. Halere, Boisclairren inguruan sortutako polemikak 1990eko hamarkadan, Quebecen ministro zela, kokaina kontsumitu zuela zioten akusazioek eraginda Maroisen aukerak indar zitzakeela uste zuten behatzaileek. Atzo adituek eta hedabideek ez zuten baztertzen PQko presidentea hautatzeko bigarren txanda behar izatea, baldin eta irabazleak ez bazuen botoen %50 baino gehiago lortzen. Alderdiko iturrien esanetan, atzo eguerdirako (Euskal Herrian sei ordu gehiago dira) hautesleen %73k emana zuten botoa. Bozketa telefonoz egin dute eta horrek hainbat irregulartasun ahalbidetu dituela salatu du The Globe and Mail egunkariak. Alderdiko egungo presidenteak, Monique Richardek, onartu zuen balitekeela kide berriak erregistratu dituztenek zenbait kasutan iruzur egin izana. Uda hasieran soilik 60.000 kide zituen Alderdi Quebectarrak, baina presidente berria hautatzeko kanpainari esker 140.000 izatera iritsi dira. Boisclairren kanpainak 32.000 kide berri lortu dituela jakin da, adibidez.

Le Soleil kazetari jarraiki, 2007an Quebecen egitekoak diren bozetan aurkari politikoek Boisclarrek kokaina kontsumoaren auzia erabiliko ez duten esperantza azaldu dute publikoki PQko zenbait buruk.

Emaitzak jakin aurretik, eta irabazlea bera edo beste norbait izanda ere, bozketaren ondoren «alderdiak batuta segitzeko» deia egin zuen Andre Boisclairrek: «Ene jarraitzaile guztiei adiskidetzearen enbaxadoreak izateko gonbitea egin diet», esan zuen herenegun Sherbrooke hirian. «Eta espero dut Marois andrea eta Legendre eta Bernard jaunek beren jarraitzaileei antzeko deia egitea». Irabazleak irabazle, 2007ko hauteskundeei eta autodeterminazio erreferendumari so daude subiranistak, bai PQ bai Quebecen egoitza duen baina Kanadako Legebiltzarrean parte hartzen duen BQ Bloc Quebecois (Bloke Quebectarra) ere. Azken honek soilik Kanadako Legebiltzar Federalean hartzen du parte eta 54 diputatu ditu han.Quebeceko Asanblea Nazionalean (Legebiltzarra), aldiz, PL Alderdi Liberala da nagusi, 125 diputatuetatik 72 izaki (gainera Gobernua bere esku dago). Ondotik, PQk 44 ordezkari ditu eta ADQ Quebeceko Ekintza Demokratikoak bost; horiez gain, independente bat dago eta hiru aulki hutsik daude egun, bozketa partziala noiz egingo.

PQren asmoa buruzagitza sendoa lortzea da, hurrengo hauteskundeetan Quebeceko Gobernua berreskuratzeko (1976tik 2003 arte bere esku izan zen) eta aurki autodeterminazio erreferendumari ekiteko. Alderdiko iturriek Berriari adierazi diotenez, alderdi independentistak konfiantza du berriro izango dela Quebeceko Gobernuan, honako arrazoia emanda: «Alderdi Liberalarena urteetan izan dugun gobernurik txarrena delako, besteak beste».Izan ere, ustelkeria leporatu diote hala Quebecen nola Kanadan gobernatzen duen Alderdi Liberalari, eta batzorde independente bat hori ikertzen dabil.

Galdeketa eta inkestak

Joan den urriaren bukaeran Quebeceko La Presse egunkariak kaleratutako inkesta batek adierazi zuenez, quebectarren %52 inguruk bozkatuko dute independentziaren alde, beste erreferendum bat egiten bada.

Lehen galdeketa 1980an antolatu zuen PQk, artean boterean zela. Alabaina, Gobernuan zuen gehiengoa ez zen erreferendumerako botoetan islatu. Subiranotasunaren kontrakoak nagusitu ziren, botoen %59,56rekin.1995ean bigarren saioa egin zuten independentistek. Orduan lehen ministro zen Jacques Perizeauren gobernuak hau galdetu zien quebectarrei: «Quebecek burujabea izan behar duela onartzen duzu, Kanadari elkarte ekonomiko eta politiko berrirako eskaintza formala egin ondoren?». Ezetza nagusitu zen, baina ozta-ozta, botoen %50,58rekin. Soilik 54.000 botok zapuztu zuten independentisten ametsa.

2003 arte boterean egon arren, beste galdeketarako baldintza egokiak ez zituen ikusi PQk, baina orain tenorea dela uste dute buruzagiek. Aitzitik, Alderdi Liberaleko buruetako batek, Denis Coderrek, «zaharkitu» irizten dio Quebec independentea izateko ideiari. The Globe and Mail egunkariak, berriz, zera zioen berriki: «Quebecek Kanadaren gainerako zatiarekin duen harremana ez da agian maitasuna izango, baina bai komenigarria».Independentistek diote, dena den, lanean segituko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.