Azken ahalegina izango da, eta egoera erabat irauli ezean, hutsala. Izan ere, hauteskundeak egin eta lau hilabetera ez dago gobernua osatzea ahalbidetuko duen gehiengo argirik. Negoziazioak negoziazio, alderdi nagusiak ez dira gai izan koaliziorik osatzeko, eta hori gabe bozak aurreratzea da aukera bakarra. Aurretik, baina, azken kontsulta saioa egingo du gaur Espainiako erregeak. Aurrekoetan bezala, ordezkaritza txikiena duten taldeekin bilduko da lehenik estatuburua, eta bihar joango dira Zarzuelara PP, PSOE, C's eta Podemoseko buruak.
Bihar arratsaldean, berriz, Kongresuko presidentearekin, Patxi Lopezekin bilduko da Felipe VI.a bere erabakiaren berri emateko. Hala, era batera edo bestera, maiatzaren 2an amaituko da gobernua osatzeko epealdia, eta hurrengo egunean, hilaren 3an, gorteak desegin, eta ekainaren 26rako bozetara deituko luke estatuburuak.
Rajoy, bozetara begira
Erregeak ofizialki iragarri ez badu ere, alderdiek ontzat eman dute ekainean hauteskundeak egingo direla. Hala, asteburuan eginiko agerraldian, PPko buru eta jarduneko presidenteak, Mariano Rajoyk, ez zion koalizio proposamenik egin PSOEri. Aldiz, datozen bozetara begirako estrategiaz aritu zen. "Sendo eta borrokatzeko prest nago beste behin".