Hiruko gobernua egitear Grezian

NDk aitortu du akordioa sinatzeko «desadostasunak» dituztela Pasokekin eta Dimarrekin

2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
«Negoziazioak ongi doaz», iragarri du Evangelos Venizelos Pasok alderdi sozialdemokratako buruaren kolaboratzaile batek. Atzorako iragarri zuen akordioa Venizelosek, baina negoziazioen bigarren eguna ere luze joan da Atenasen. Hauteskundeak irabazi dituen ND Demokrazia Berriko Antonis Samarasek bihar eguerdia baino lehen osatu behar du gobernua, eta Pasok nahiz Dimarren exijentziek esperotako akordioa atzeratu dute. Hiruko gobernua osatzeko prozesua aurrera doala baieztatu du NDko eledun Yannis Mijelakisek, baina aldeen artean «desadostasunak» daudela aitortu du.

Samarasek nahikoa du Pasoken babesarekin gobernua osatzeko, baina Dimar zentro ezkerreko alderdiaren diputatuak ere alde eduki nahi ditu, gehiengo erosoa izateko. Hiru alderdiak batuta, 179 eserleku izango lituzkete, 300 kideko legebiltzarrean. Maiatzeko bozetan Siriza ezkerreko alderdia ere koalizioan sartzea exijitu zuen Dimarrek NDrekin eta Pasokekin bat egiteko. Orduan, baina, bere beharra zuten bi alderdi horiek gobernua osatzeko, eta orain ez da nahitaezkoa. «Gobernua egongo da», ziurtatu du Fotis Kouvelis Dimarreko buruak.

Ziurrenera gobernuko kide izango diren hiru buruzagiak bat datoz erreskatearen baldintzak berriz negoziatu behar direla esaterakoan. Eurogunetik, hain zuzen ere, laguntzaren baldintzak berrikusteko prest azaldu dira. «Beharrezkoa da inposatu zizkiguten klausula gogorrenak berriz negoziatzeko talde bat eratzea. Orduan onartu egin genituen, garrantzitsuena behea jotzea saihestea baitzen», adierazi du Venizelosek. Dena den, berriz negoziatzea denen nahia bada ere, hori egiteko moduak sortu ditu liskar gehien hiru alderdien artean. Erreskatearen inguruko ikuspegi ezberdinek atzeratu dute, hain justu, Venizelosek atzorako iragarri zuen gobernu akordioa.

Bestetik, Greziako Kathimerini egunkariak aurreratu duenez, Pasokek baiezkoa eman dio Samarasek gobernua zuzentzeari, eta kabinetean hainbat kide independente egotea ere espero da. Venizelos hirugarren geratu da bozetan, 33 diputaturekin. 2009ko hauteskundeetan gehiengo osoa eskuratu zuen alderdia ondoratu egin da maiatzeko eta igandeko bozetan.

Siriza, oposizioan

Gobernuan ahalik eta alderdi gehien biltzeko deia egin zuen Samarasek igandean garaipena baieztatu eta gero. Bigarren geratu den Siriza ezkerreko alderdiak, baina, ezezkoa eman dio erreskatea negoziatu zuten alderdiekin biltzeari, eta oposizioan jardungo duela jakinarazi du Alexis Tsipras alderdiko buruak. Greziar Independenteak alderdi nazionalistak ere ezezkoa eman dio Samarasi.

Bestalde, erreskatearen negoziazioan parte hartzeko eskatu die Pasokek gobernuko kide izango ez diren alderdiei ere. Sirizari igorritako mezu gisa ulertu dute adituek, Venizelos beldur dela baitiote oposiziotik negoziazioa boikotatu dezakeelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.