Julian Castro eta Michelle Obama. Besteren etxeak garbitzen zituen amonak hazi eta San Antonioko (Texas) alkate izatera iritsi den hispanoa, batetik, eta Barack Obama ondoen ezagutzen duen pertsona, bestetik. Batak «amets amerikarra txandakako lasterketa bat» dela argudiatu du, eta elkarlana ezinbestekoa dela jendeak aukerak izan ditzan. Besteak bigarren agintaldia eskatu du bere senarrarentzat AEBetako presidente gisa: «Aldaketa gogorra da, geldoa da, eta ez da bat-batean gertatzen. Baina, azkenean, iritsi egiten da».
AEBetako Alderdi Demokrataren Batzar Nazionalean Obamak oraindik zer egina badaukala defendatu zuen haren emazteak, duela lau urte hasitako erreforma handinahitsuek segida izan behar dutela. Eta, horretarako, hurrengo belaunaldiei etorkizun hobe bat bermatzeko, Obamaren izaera eta idealak goratu zituen Charlotteko batzarrean.
Aldaketaren ideia berreskuratu zuen Michelle Obamak duela lau urteko kanpainatik, horrela izkin eginez errepublikanoek mahai gainean jarri nahi duten galderari: duela lau urte baino hobeto al dago Obama? Eta AEBak? Presidentearen emazteak argi erantzun zien Etxe Zurian egoteak Barack Obama aldatu egin ote duen galdetzen dutenei: «Izaeraz eta pentsaeraz, bihotzez, duela lau urteko bera da».
Obamak kargua hartu zuenean baino lau milioi langabe gehiago daude AEBetan, immigrazio erreforma abiatu ezinik dauka, osasun alorrean eragin nahi zituen aldaketak hankamotz geratu dira, eta Guantanamok zabalik jarraitzen du. Baina Obamarengan konfiantza izateko eskatu die demokratei haren emazteak. Emakumeen botoa bilatzeko, gainera, Ann Romney baino sendoago agertu zen hitzaldian, eta ez senarraren menpeko.
Hispanoak
Charlotteko batzarreko hitzaldi nagusia «Que Dios los bendiga» batekin amaitu zuen Julian Castrok, «God bless you»-rekin beharrean. «Jainkoak bedeinka zaitzatela», espainieraz. Ez da huskeria, azaroaren 6ko hauteskundeetan 20 milioi hispanok baino gehiagok emango baitute botoa. Eta AEBetako gutxiengo handiena izaki, balantza alde batera edo bestera mugiaraz dezakete.
Hispanoak, oro har, politikoki errepublikanoengandik gertuago egon daitezke. Baina Alderdi Errepublikanoaren batzarrean, duela astebete, «USA, USA» gaitzespen oihuekin hartu zuten Puerto Ricoko ordezkari Zori Fonalledas. Eta immigrazio alorrean ezarri nahi duten gogortasunak boto-emaile hispano asko uxatuko ditu.
Alderdi Demokratak, aldiz, Obamak duela zortzi urte Chicagoko batzarrean izan zuen protagonismo bertsua eman dio Charlotten Julian Castrori. Obama bezala amonak eta amak hazia, San Antonioko alkateak bere jatorri apalari zukua atera dio, hispanoei «amets amerikarra» egia bihur daitekeela sinestarazteko. «Nire amonak etxerik ez zuen, eta besteren etxeak garbitzen zituen, alokairua ordaindu ahal izateko. Baina alaba unibertsitatera bidali zuen, hark eskubide zibilen alde borroka egin zuen, eta amona haren biloba bat San Antonioko alkate da, eta bestea Kongresurako hautagai». Txandakako lasterketa bat, Castroren hitzetan.
«Amerika aukeren lurraldea» dela defenditu du Castrok, baina amets amerikarra lortzeko bidea Mitt Romneyk eta Alderdi Errepublikanoak eskainitakoaren oso bestelakoa da harentzat. Klase ertainarengana iritsi nahi du, hispanoez gain. «Romneyk, duela hilabete batzuk, negozio bat irekitzeko esan zien Ohioko Unibertsitateko ikasleei», azaldu du Castrok. «Zer dirurekin? Eska iezaiezue gurasoei», erantzun omen zuen Romneyk. Tampan, Alderdi Errepublikanoaren batzarrean, ildo beretik jo zutela gaitzetsi du Castrok: «Fikzioa da esatea bakoitza berera badoa gure herrialdea indartsuagoa egingo dela. Amerika ez da aukeren herrialde istripuz bihurtu. Romneyk eta Ryanek ez dute ulertzen aukerak izateko aurrez horretan inbertitu egin behar dena».
Hispanoen eta emakumeen bultzada bilatu du Alderdi Demokratak Obamarentzat
San Antonioko alkate Julian Castrok eman du AEBetako demokraten Batzar Nazionaleko hitzaldi nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu