Hain zuzen, Sarajevon gogoratuko dute 1914ko ekainaren 28an gertatutakoa. Ekitaldian izango dira Montenegro, Mazedonia eta Kroaziako estatuburuak, besteak beste.
Gaur duela mende bat, Gavrilo Principek tiroz hil zituen Austria-Hungariako Inperioko oinordekoak. Hilabete geroago hasi zen gerra, Vienak Serbiari gerra deklaratu ostean, iritzita hura zegoela erasoaren atzean.
Gerla Handiak arrasto sakona utzi zuen Euskal Herrian ere: 6.000 hildako eta milaka zauriturekin ordaindu zen, odolez. Iparraldeko euskal herritarrak hegoaldekoengandik gehiago bereizi ziren, eta Frantziara sendo lotu. Gehigarri batean bildu zuen BERRIAk gerra hark Euskal Herrian izandako eragina.