Austria

Hitlerren jaiotetxea komisaria bilakatuko dute

Zenbaitek salatu dute eraldaketa horrek Hitlerren nahiekin bat egiten duela.

Hitlerren jaioetxearen artxiboko argazkia. RUBRA / EFE
Unai Mitxelena Balerdi
2023ko abuztuaren 22a
12:25
Entzun

Adolf Hitler jaio zen etxea komisaria bihurtuko dute. Hitler Braunauko (Austria) eraikin batean jaio zen, 1889an, eta etxea neonazientzako «santutegi» bihurtzen ari zen, asko joaten baitziren bisita egitera. Horregatik, Austriako Gobernuak plan bat abiarazi du hartan eraberritze lanak egiteko.

Hain zuzen, eraberritze lan horiek zeresana eman dute. Izan ere, Guenter Schwaiger zinema zuzendariak irailean argitaratuko duen dokumentalean ikus daitekeenez, Hitlerren nahiarekin bat datoz obra horiek. Dokumentalerako informazioa biltzen ari zela, 1939ko tokiko egunkari batekin topo egin zuen Schwaigerrek; egunkarian irakur daiteke Hitlerrek polizientzako eraikin bihurtu nahi zuela etxea. Horiek hala, austriar zuzendaria eraldaketaren aurka agertu da, eta, astelehenean egindako prentsaurreko batean, gobernuari eskatu zion planaren nondik norakoak berriz pentsatzeko.

Neonazi asko joan ohi ziren Hitlerren jaiotetxera, eta, haientzako «santutegi» bilakatu ez zedin, gobernuak etxea desjabetu zuen 2016an. Gatazka politiko eta juridiko ugari ekarri ditu horrek, eta, azkenean, Austriako Gobernuak aurrera atera du polizia etxe bihurtzeko plana. 800 metro karratuko eraikinaren eraberritze lanak hogei milioi euro kostatuko dira, eta urriaren 2an ekingo diete. Obra 2025ean bukatzea espero dute, eta polizia etxea 2026an martxan jartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.