Sinhalarrak dira gehienak Sri Lankan. Gobernuan ere gehiengoa dute. Agintariek gutxiengo tamila baztertu egiten zutelako sortu zuten tamilek 1976an LLTE Tamil Eelameko Askatasun Tigreak erakundea. Euren lurren independentzia zuen helburu erakundeak. Baina bake prozesuak aurrera egin ahala, autonomia adostu zuten.Horretaz gain, haien eskualdeaz arduratuko zen gobernu autonomo bat ere eskatu zuten. Gobernua nola osatu eta haren lanak zeintzuk izango ziren ere erabaki zuen LTTEk. Erakundeak berak, Sri Lankako Gobernuak eta uhartearen iparraldeko eta ekialdeko gutxiengo musulmanak aukeratu behar zituen exekutiboko kideak. Era berean, Armadak okupatutako lurrak handik errefuxiatutako herritarrei itzultzeko ere eskatu zuten tamilek.Hori ez zen Kolonboren gustukoa izan. Chandrika Kumaratunga presidentearen aliatuek, Janatha Vimukthi Peramuna alderdiko kideek, gehiegizkoa zela salatu zuten. Ondorioz, mementoz, eten egin ziren negoziazioak. Geroztik bi aldeek, behin eta berriz errepikatu dute hitz egiten hasteko beharra. Baina inork ez du gehiagorik egin.
Erantzulerik gabeko erasoak
Hilabetearen hasieran LTTEko buruzagietako bat hil eta beste bi zauritu zituzten. Tamil Tigreek Armadari leporatu zioten erasoa, eta hark, berriz, erakundetik banatutako beste talde bati.
Tamilek Karunari laguntzea leporatzen diote Gobernuari eta tamilei erasotzea Karunari. Hura LTTEko kidea zen joan zen urtera arte. Taldetik banatzea erabaki zuen orduan. Hori egiten zuen bigarren buruzagia izan zen. Erakundeak iparraldeko eskualdeari ekialdekoari baino garrantzia handiagoa ematen ziolako joan zen handik. Geroztik hari eta paramilitarrei leporatu zizkioten tamilen aurkako erasoak. Bere esanetan, ordea, tamil tigreek hil zituzten euren kideak. Erakunde barruan «izugarrizko gatazka» zegoela eta Velupillai Prabhakaran LTTEko buruzagia ez zela bake prozesuaz fio salatu zuen Karunak. Bestalde, bi gerrillari hil ziren astelehenean Armadarekin izandako enfrentamenduetan. Daya Ratnayake Armadako bozeramailearen arabera, beste hiru zauritu ziren. Tamilen inguruko informazio iturrien arabera, ordea, Karunaren jarraitzaileak izan ziren borroketan parte hartu zutenak. Horrek guztiak negoziazioak oztopatzeko bestetarako ez duela balio uste du Norvegiak. Haren bitartez hasi dira hitz egiten bi aldeak. «Hilketek giroa pozoitu dute eta beldurra zabaldu dute gizartean. Beste gatazka baten beldur dira», esan zuen Hagrup Haukland Norvegiako ordezkariak.
Haur soldaduak
Su-etena sinatuz geroztik, tamilek 4.000 adingabetik gora armak hartzera behartu zituztela salatu zuen otsailean Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak. LTTEk ukatu egin zuen halakorik. «Unicef oker dago. Guk ez dugu adingaberik borrokatzera behartu. Zaila da gazteen adina jakitea, gehienek paperik ez dutelako».
Erakundeko arduradun Thamilchelvanek auzia haien kontrako propaganda gisa erabiltzea leporatu zion Gobernuari. Bestalde, Unicefek jasotako datu asko oker zeudela ere salatu zuen. «Izenak ikertu genituenean, haietako asko etxera itzuliak zirela edo beste lekuren batean bizi zirela jakin genuen». LTTEko buruzagien arabera, eurek inoiz ez dituzte haurrak borrokara behartu. Adingabeak,pobreziatik ihesi joaten dira edo, batzuetan, buruzagitzaren aginduen aurka dauden militanteek bahitu eta behartzen dituzte. Gobernuko kideek oso bestela pentsatzen dute. Askok diote, su-etenak iraun duen artean, tamilek gerrillari gehiago bildu dituztela.Badira, denbora hori armak erosteko baliatu dutela diotenak ere. Martxoaren hasieran, esaterako, tamilen bi hegazkin igaro ziren uhartearen iparraldetik. Horrek hitzarmena urratzen zuela eta hegazkinak duela gutxi erositakoak zirela salatu zuen Kolonbok.
-
Gatazka pausoz pauso
1976: Tamilen menpeko lurraldeetan LTTE tamil tigreen erakunde armatua sortu zuten.
1983: Tamilek 13 soldadu hil ostean, istiluak hasi ziren, eta ehunka tamil hil zituzten.
1985: Bake elkarrizketek porrot egin zuten.
1991: Rajiv Gandhi Indiako lehen ministroa hil zuten tamilek.
1993: Premadasa presidentea hil zuten.
1995: Bake elkarrizketek berriz ere porrot egin zuten.
2002ko otsaila: Gobernuak eta tamil tigreek su-etena hitzartu zuten.
2002ko abendua: Estatu independentea osatzeko eskaera bertan behera utzi zuten tamilek, autonomiaren truke.
2003ko otsaila: Bosgarren negoziazio saioa hasi zuten Berlinen, Alemanian.
2003ko apirila: Bazterketa argudiatuta, negoziazioetatik atera ziren tamilak.
2004ko martxoa: Tamil tigreetako buruzagi Karuna, taldearekin ados ez, eta bere aldetik abiatu zuen borroka.
2004ko uztaila: Atentatua egin zuten Kolonbon. 2001az geroztik hiriburuan egindako lehena. 2004ko abendua: Itsasikara izan zen Asia hegoaldean eta milaka hildako eragin zituen. Gehienak tamilen lurraldean. Ondorioz, LTTE Gobernuarekin lan egiteko prest agertu zen.
2005eko martxoa: Bi tamil hil zituzten soldaduek. LTTEren arabera, Karunaren aldekoak ziren hildakoak.