Katalunia

Hitz egiteko prest dagoela esan dio Rajoyk Torrari, hark bilera eskatu ostean

Berriz ere, elkarrizketarako deia egin dio Espainiako Gobernuari Kataluniakoak. Oraingoan, Berlindik egin diote eskaera, Quim Torra presidente aukeratu berriak eta Carles Puigdemontek. Rajoyk hitz egiteko prest dagoela erantzun dio.

Torra eta Puigdemont, gaur, Berlinen. OMER MESSINGER EFE
2018ko maiatzaren 15a
06:59
Entzun

Espainiako Gobernuak Kataluniakoan duen esku hartzeak amaitu egin behar duela uste dute Torrak eta Puigdemontek. Horregatik, ohartarazi dute ez dela nahikoa 155. artikulua kentzea, baizik eta finantzen kontrola ere Generalitateari itzuli behar zaiola. Beharrezkotzat jotzen dute Espainiarekin elkarrizketak abiatzea, eta eskaera zuzena egin diote Mariano Rajoy gobernuburuari; "jar ezazu eguna, ordua eta lekua". Aurrebaldintzarik gabe elkartu nahi du, "guztiari buruz" hitz egiteko.

Sofiatik erantzun dio Rajoyk, Boiko Borisov Bulgariako presidentearekin bilera egin ostean. Biltzeko prest dagoela esan dio, baina "autonomia bateko presidente gisara" hartuko duela, eta ez inongo errepublikako ordezkari gisara. "Badaki Gobernuko presidenteak legearen barruan hitz egin behar duela, eta hori da nire jarrera. Uste dut baikorra dela bilera bat izatea, eta nik entzun egingo diot", esan du.

Rajoyk orain arte egindakoen antzeko ohartarazpenak egin dizkio Torrari: "Katalunia ez da inoiz izan independente eta ezta errepublika ere, eta ez da izango", esan dio batetik. Eta Puigdemontekin elkarlanean aritzeko duen asmoaren inguruan: "Katalunian presidente bakarra egon daiteke, legalitate bakarra eta balio duten instituzio bakarrak Konstituzioan eta Estatutuan araututa daudenak dira".

Espainiako Gobernuak goizean kaleratutako oharrean egin du 155. artikuluaren eta finantzen esku hartzearen banaketa. Horrek "harritu" egin dituela onartu du Torrak, eta ez dutela onartuko ohartarazi du. 155. artikulua kendu behar dela eta finantzaketa Generalitatearen esku utzi behar dela.

Ingelesez hitz egin dute Torrak eta Puigdemontek Berlinen emandako prentsaurrekoan. Puigdemontek esan dio "ohore handi bat" izango dela bere alboan egotea. Badakiela president ona izango dela. Nolanahi ere, Torrak argi utzi du, Puigdemontek behar lukeela president, berak duela horretarako zilegitasuna, eta ez dutela etsiko hori lortzeko saioan. Galderei erantzunez, inbestidura saioetako hitzaldietan esandakoa berretsi du: "Katalan guztientzako gobernatuko dut".

Erbesteratuei bisita egin diela, eta hurrengo bidaiak presoak dauden espetxeetara egingo dituela iragarri du Torrak. "Preso politikoak" daudela epaileak ere onartu duela nabarmendu du, eta horrek ezin duela horrela jarraitu ohartarazi du. Kontseilari guztiei gobernuan egoteko aukera emango die. Gobernuaren berri bere kargua hartu ostean emango duela jakinarazi du, baina, oraindik ez dago egunik kargua hartzeko. Hainbat iturriren arabera, giltzapean dauden ERCko kontseilariek ukatu egin dute eskaintza.

EBra begira ere jarri da Puigdemont. Hango herriei gogora ekarri die Kataluniakoa ez dela Espainiaren "barne gaia, Europa guztiarena baizik". Eta horregaitik, "konponbidea topatzen laguntzeko" eskatu die.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.