Hitzak amaitzen direnekoa

Fronte Polisarioa «etsita» agertu da nazioartearen azken txostenaren aurrean; Marokorentzat sinesgarria eta objektiboa da

Kristina Berasain Tristan.
Tinduf
2010eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Mintza zaitez ulertuko zaituen horrekin. Horrelaxe dio sahararrek sarritan errepikatzen duten esaera zahar batek. Eta ulertuko ez dituen batekin mintzatu behar dutelako daramatzate hemeretzi urte ez atzera eta ez aurrera, jazarrita batzuek eta errefuxiatuta besteek. Fatimetu Abdala (20) Tindufen bizi da. Haren ustetan, asto baten modukoa da Maroko: «Animaliak bagina bezala tratatzen gaitu. Baina gu ez gara ez gameluak, ez ahuntzak eta ez behiak; gu pertsonak gara, eta pentsatzen eta hitz egiten dakigu. Beraz, zer nahi dugun galdetu beharko liguke Marokok». Su-etena sinatu zutenetik hemeretzi urte daramatzate sahararrek nazioarteak promestutako erreferenduma noiz egingo zain. Abdalaren iritziz, urteotan solastatzeko berezko izaerari eutsi diote sahararrek, baina, entzuten eta ulertzen ez dituztenez, hitzak jada amaitu egin dira.

NBE Nazio Batuen Erakundeak Minurso sortu zuen su-etena errespetatzen zen ikuskatzeko eta erreferenduma antolatzeko. Urteotan 900 milioi dolar xahutu ditu misio horrek eta 40 alditan luzatu dute haren eginkizuna. Hani Abdel Aziz da misioaren arduraduna, urritik, eta gaur egun 459 langile ditu -228 zibil eta 231 militar- eta urteko 53 milioiko aurrekontua du. Misioak, baina, ez du bere eginkizunaren bigarren zatia betetzeko gaitasunik izan. Fronte Polisarioak, ildo horretan, misioarekiko bere harremanak berriz aztertuko dituela jakinarazi du. Mohamed Uld Salek SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Atzerri ministroaren hitzetan, bere konpromisoei uko egin die misioak eta horrek «etsipena eta atsekabea» sortu du sahararren artean. Urte hauetan guztietan «pazientziaz, malgutasunez eta eskuzabaltasunez» aritu direla eta misioarekiko «leial eta zintzo» jokatu dutela eman du aditzera ministroak, baina «onartezina eta justifikaezina» da gauzek bere horretan segitzea. Egindako promesa betetzeko benetako ahaleginik ez egitea leporatu dio Polisarioak NBEri.

Desilusioa

Mohamed Abdelaziz SEADko presidenteak ere desilusioa hartu du nazioartearen azken txostenarekin. Ban Ki-moonen testuari «partziala» iritzi dio, ez duelako errealitatea modu «zintzoan eta objektiboan» islatzen. Azken urteotan egin dituen kritika irmoenak dira Abdelazizenak. Presidenteak auzitan jarri du nazioarteak auzia konpontzeko benetako borondatea duenik, eta galdera bat egin dio idazkari nagusiari gutun baten bidez: «Nola azaldu behar diot nik herri sahararrari gure konpromiso eta fede onari eutsiko diogula nazioarteak zuzentzen duen prozesu politiko honetan?». Abdelaziz etsita agertu da, gainera, misioak aurrerantzean su-etena ikuskatzeko erantzukizuna hartuko duelako soilik bere gain.

Negoziazioen dinamikaren inguruan ere nazioartearen txostenak ez duela benetako errealitatea islatzen uste du Abdelazizek. Marokoren «intransigentziari» ez ikusiarena egitea leporatzen dio, alde horretatik, NBEri. Armonk herrian (AEB) otsailean egindako bilera ez-ofiziala du gogoan presidenteak; Marokok ezarritako trabak ikusita ezer egin ez izana egozten dio: «NBEk erreferendum libre eta justu bat egiteko egindako promesa betetzeko gaitasunik eta indarrik ez duela ondorioztatzen ari naiz».

Minursoren misioa apirilaren amaieran amaituko da, eta beste urtebetez luzatzea proposatu du Banek. Polisarioak, baina, soilik lau hilabetez luzatzeko eskatu du, bederen auziaz maizago eztabaida dezaten. NBEren txostenaren edukia eskasa da oso. Misioa luzatzea proposatzen dute eta negoziazioak sustatzeko «irudimena eta sormena» izateko eskatzen diete txostenean aldeei, besterik ez. Ahmed Bujari Polisarioaren NBEko ordezkariaren ustez, onartezina da horren «ebazpen hutsala» kaleratzea.

Erroldan arreta

Tindufko errefuxiatu guneetan errolda egitea ere eskatu du nazioarteak, eta, horrexegatik, «sinesgarri eta objektibo» iritzi dio txostenari Marokok. Jalid Naciri Marokoko Gobernuko eledunaren ustez, dokumentuan «zorroztasunez aipatzen dituzte berebiziko garrantzia duten auzi serioak», erroldari erreferentzia eginez.

NBEko Segurtasun Kontseilua, berriz, «etsita» agertu da negoziazioak etenda daudelako. Maroko eta Fronte Polisarioa urtebetez aritu ziren negoziatzen Manhasseten (AEB). 2007ko ekaina eta 2008ko martxoa bitartean lau erronda egin zituzten, baina elkarrizketek porrot egin zuten eta auziaren irtenbide politikoa kolokan jarri. Peter van Walsun zen garai hartan nazioartearen ordezkaria, eta hari inpartzialtasuna galtzea egotzi zion Fronte Polisarioak; Mendebaldeko Saharako autodeterminazioa ez zela aukera errealista esanda galdu zuen zilegitasuna. Iazko urtarrilean beste ordezkari bat izendatu zuen nazioarteak, seigarrena hamahiru urtean: Christopher Ross. Berriki elkartu da Ross aldeekin, hirugarrenez, eta euren jarrerak urrun badaude ere hausnarketa egiteko eskatu die. Taib Fasi Fihri Marokoko Atzerri ministroa, baina, garbi mintzatu zitzaion Rossi: «Marokok behin betiko baztertu ditu bide zaharrak, eta aukera anitzeko eta muturreko erreferenduma iraganeko kontua da». Rossek, aurreko ordezkari guztiek egin bezala, dimisioa noiz emango duen ikusteko dago orain.





Gerra luzea eta gatazka are luzeagoa

AURRENEKO OKUPAZIOA

1884. Espainiak Mendebaldeko Sahara okupatu zuen.

1973. Fronte Polisarioa sortu zen.

GERRAREN URTE ILUNAK

1975. Marokok herrialdea okupatu zuen, Martxa Berdearekin. Orotara, 350.000 lagun bidali zituen Mendebaldeko Saharara. Tindufera (Aljeria) ihes egin zuten saharar askok.

1976. SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuen Polisarioak.

1979. Mauritania okupatutako lurretik erretiratu zen.

1990. NBE Nazio Batuen Erakundearen Konponbide Plana onartu zuten bi aldeek. Erreferenduma egin behar zuten, planaren arabera.

1991. Su-etena sinatu zuten. Minurso eratu zen.

ERREFERENDUMAREN ZAIN

1992. Autodeterminaziorako erreferenduma atzeratu zen. Marokok ez zuen onartu errolda.

1997. James Baker bitartekaria izendatu zuen NBEk.

2004. Dimisioa eman zuen Bakerrek.

2007. Marokok eta Polisarioak negoziazioak abiatu zituzten.

2008. Negoziazioak eten zituzten.

2010. Christopher Rossek bere plana aurkeztu du.



85

SEAD onartu duten estatuak. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa 85 estatuk onartu dute. NBE Nazio Batuen Erakundearen 1514 ebazpenak autodeterminazio eskubidea aitortzen dio Mendebaldeko Saharari; 1960ko abenduaren 14an onartu zen ebazpen hori.



Salek Baba.SEADko Kooperazio ministroa
Nazio Batuen Erakundearen beste porroten aurrean ez izatea espero du Babak; Marokori presio nahikorik ez egitea eta gatazkari irtenbidea emateko gai ez izatea leporatu dio ministroak nazioarteari.

«Bake bideak amaitzen badira, ezinbestean helduko diogu borroka armatuari»

K. Berasain. Rabuni

Bulegoko haizagailuaren paletak etengabe ari dira biraka. Tindufen, basamortuan, bero da. Salek Baba Kooperazio ministroak ura edaten du mintzatzen den artean.

Nazio Batuen Erakundearen azken txostena dela eta, etsita agertu da Fronte Polisarioa. Negoziazioak ere etenda daude. Nola ikusten duzue etorkizuna?

Nazio Batuen Erakundeko beste porrot bat ez izatea espero dugu; izan ere, horrek borrokara bueltatu behar izatea eragingo luke, eta hori da behin eta berriz saihesten ari garena. Gure pazientzia, dena den, mugatua da eta bake bideak amaitzen badira, ezinbestean helduko diogu borroka armatuari.

Marokorekiko negoziazioek bi urte daramatzate etenda. Zergatik?

Marokok ez duelako borondate politikorik eta orain arteko ahalegin guztiak trabatu dituelako. Negoziazioak ezin dira helburu izan, eta hori nahi du Marokok. Egoera honek, izan ere, berari egiten dio mesede. Nazioartea, bestetik, ez da gai izan ebazpenak betearazteko, eta horrek indarra eman dio; presio falta hori baliatu du bereari eusteko. Ez dago prest okupazioa zilegituko ez duen irtenbide baterako, eta jarrera intransigente horri eusten dio. Hiru hamarkada eta erdi igarota ere, potentzia okupatzaile bat da eta ez dago munduan estatu bakar bat ere lurralde horrekiko subiranotasuna aitortzen dionik. Guretzat, berriz, autodeterminazio erreferenduma egitea da aukera bakarra; nazioarteko zuzenbideak dioena, alegia.

Interes ekonomikoak al dira nazioartearen presio falta horren arrazoia?

Gure ustez, nazioartea sentiberagoa da arrantza akordio bat bertan behera gelditzeak ekar lezakeen ondorioekiko, basamortuan 35 urte errefuxiatuta daramatzan herri oso batekiko baino. Penagarria da hori. Eta negargarria da giza eskubideak etengabe urratzen dituen herrialde batekin akordioak egitea. Europako Batasuna, alde horretatik, kontraesan ageriko batean ari da: bere estatuei giza eskubideak errespeta ditzaten eskatzen die eta, aldi berean, eskubide horiek urratzen dituen estatu batekin akordioak egiten ditu. Nazioarteak jarrera anbiguo horri eutsi dio urteotan.

Saharar ugarik gerrara itzultzeko beste biderik ez dute ikusten. Gobernuarekin, alde horretatik, kritiko dira hainbat gazte.

Gazteen kezka eta aldarrikapena da hori, baina nazioarteko komunitatearen eraginkortasun eza da kritikatzen dutena; izan ere, behar zuen baino askoz gehiago irauten ari da gatazka hau. Frustrazioa zabaltzen ari da, eta hau guztia amaitzeko aldarrikatzen dutenen ahotsa gero eta irmoagoa da. Denbora galtzen ari izana leporatzen digute, eta hori hartu behar dugu guk aintzat, baina guk ere argi dugu hau ezin dela betierekoa izan.

Eta non dago muga?

Polisarioak hurrengo kongresuan erabaki irmo bat hartu beharko duela uste du zuzendaritzak, eta abenduan da egitekoa kongresua, atzeratzen ez bada.

Jada 35 urte daramatzazue errefuxiatuta. Nolakoa da egoera?

Oinarrizkoa bermatzeko azpiegiturak eratu ditugu urteotan, baina egoera gogorra da. Giza laguntza urria da eta mundu osoko krisiak eragin larria izan du; urtebetean %25 eta %30 artean murriztu da, eta iaz hartutako konpromisoak ez dira betetzen ari. Eusko Jaurlaritzak ere murrizketa nabarmenak egin ditu; milioi eta erdi eurokoa izatetik 300.000 eurokoa izatera pasa da aurrekontua urtebetean, eta hori oso esanguratsua da. Esan digutenez, tartean ez dago arrazoi politikorik, baina kontua da murriztu egin direla laguntzak.

Marokoko Legebiltzarreko presidenteari ere harrera egin dio berriki lehendakariak, Patxi Lopezek. Zer iritzi diozu horri?

Argi dago atzerriko ordezkaritzak jasotzeko eskubide osoa duela, kasu honetan alderdi sozialistako kideak, eta horretan ez dut ezer esateko, baina egia da aurreneko aldia dela, nahiz eta oharkabean pasa den. Argi dago etapa berri bat hasi dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.