Hitzez hitz estatua eraikiz

Mugimendu independentistak kaleak ez ezik, liburu dendak ere hartu ditu. Azken urtean, nabarmen ugaritu dira Kataluniaren etorkizunari buruzko idatziak. Analisi eta eleberriek irakurle ugari dituzte, aldekoak batzuk eta etsai amorratuak besteak.

arantxa elizegi egilegor
2013ko irailaren 9a
13:37
Entzun

Katalunia bor-borka dago. Bazterrik galduenean ere entzun, irakur edo ikus daitezke independentziari egindako erreferentziak. Aldekoak eta aurkakoak. Errealitateari ezin baitzaio ihes egin. Eta literatura, beste edozein arlo bezala, eguneroko horri lotuta dago. Horren erakusgarri da azken urtean nabarmen ugaritu direla Kataluniak estatu propioa edukitzeko dituen aukerak eta horretarako bideak aztertzen dituzten lanak. "Errealitatea inposatu egiten da. Errealitate politiko eta ekonomikoa aldatzen ari da, eta zuzenean eragiten die herritarrei. Ondorioz, beharrezkoa da errealitate horri buruzko hausnarketa egitea ere. Gertakari garrantzitsuak izan dira azken hilabeteotan, besteak beste, Kataluniako Batzar Nazionalaren sorrera, zeina irailaren 11ko manifestazioaren ostean loratu zen, M-15eko haserretuen mugimendua, subiranotasuna eta erabakitzeko eskubidearen aldeko prozesua eta hizkuntzaren auzia, eta horrek guztiak Kataluniaren geroari buruzko galderak sortzen ditu. Baina, ulergarria denez, galdera horien erantzunak mota askotako izan daitezke", azaldu du Ester Pujolek, Grup 62 taldeko argitaletxeko arduradunak.

Subiranotasunari buruzko eztabaida, ordea, ez da berria Katalunian. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente zen garaian, eta Estatutu berria negoziatzen ari zirenean ere, asko idatzi zen gaiari buruz. Duela ia hamar urte, esaterako, Columna argitaletxeak Francecs Ferrer i Gironesen El gran llibre per la independencia (Independentziarako liburu handia) kaleratu zuen, idazlea hil baino hilabete batzuk lehenago. Bertan aztertzen da independentismoak urteetan egindako bidea. Denboran gertuago dago Alfred Boschek 1714ko gertakariei buruzko idatzitako trilogia, zeinak arrakasta handia izan duen Katalunian.

Zer aldatu da, beraz, ordutik? "Iazko Diada mugarria izan zen. Lehen ere idazten zen nazio gisa dugun etorkizunari buruz, noski, baina manifestazio hark dena aldatu zuen, baita gizartea bera ere. Bat-batean, Artur Mas presidentea erreferendumaz hitz egiten hasi zen, eta haren atzetik, baita beste guztiak ere. Jendeak gehiago nahi zuen, eta errealitate horri erantzunez, liburuak ateratzen hasi ginen", azaldu du Izaskun Arretxek, Ara Llibres argitaletxeko arduradunak. Haren esanetan, urtebetetik hona asko aldatu dira gauzak: "Iaz, krisiaz hitz egiten zen egunkari, liburu eta eztabaidetan. Orain, aldiz, independentziak hartu du protagonismo guztia. Noski, horri buruz hitz egiten dugun heinean errealitatea elikatzen ari gara, baina baita gizartearen eskariari erantzuten ere".

Argitaletxe txikia da Ara, eta soilik katalanezko liburuak argitaratzen ditu. Horrek haren merkatua mugatzen du; hala ere, Arretxeren esanetan, publikazioetan ez ezik, salmentetan ere nabaritzen da gorakada. "Argitaletxeak krisian gaude, bai lehen eta baita orain ere. Ez da erraza lan baten arrakastari denbora luzean eustea. Baina, hala ere, nabarmena da salmenten gorakada, batez ere fikziozkoak ez diren liburuen kasuan. Hori ez zen duela urtebete gertatzen, eta ziurrenik hemendik aurrera ere bide beretik jarraituko dugu, nahiz eta liburu gutxiago argitaratu". Izan ere, Ara Llibreseko arduradunaren ustez, jendeak gaiaren inguruko interesa izaten jarraitzen du, eta hori gehitu egingo da urratsak egiten joan ahala, «baina dagoeneko liburu asko atera direnez, aurrerantzean diskurtso sakonago eta berritzaileagoak bilatu beharko dira".

Aukera zabala

Liburuak adina iritzi eta ikuspegi aurki daitezke Kataluniako balizko independentziaren inguruan. Hasi independentzia lortutzat ematen duen eta eztabaida estatu berriaren antolaketan oinarritzen duen Antonio Baños kazetariaren La Rebel-lió Catalana -tik (Kataluniarren iraultza), "independentismoaren gezurrak argitzea" helburu duen Javier Montillaren Los muros de Cataluña -raino (Kataluniaren hesiak). Lehenak mundu berri bat eraikitzeko aukera aztertzen du, non orain arteko okerrak konpondu ahalko diren. "Kataluniak independentzia lortzen duenean, konstituzio berri bat idatzi beharko da, eta orduan, boteretsuenek ezingo diete euren pribilegioei eutsi. Errepublika izatea izango da Errepublika Katalanaren ezaugarririk garrantzitsuena", adierazi zuen Bañosek liburuaren aurkezpenean. Aldiz, Montillak "gezurren bidez inposatutako nazionalismoa" salatzen du bere lanean.

Nabarmentzekoa da, bestetik, Kataluniako mugimendu subiranistak atzerrian piztutako interesa. Liz Castro saiatu da horri erantzuten, What's up with Catalonia? (Zer gertatzen zaio Kataluniari?) liburuaren bitartez. Bertan, azken 35 urteetako gertakariak aztertzen dituzte 35 pertsonaia ezagunek —tartean, Artur Mas, egungo Generalitateko presidenteak—. "Iazko Diadaren ostean, artikulu asko idatzi ziren gaiari buruz egunkari anglosaxoietan, eta haiek ikusteaz asko poztu nintzen arren, motz geratu zirela iruditu zitzaidan. Bestetik, Espainiako prentsak elkartasun gabekotzat jotzen zituen katanalak, eta pentsarazi nahi zuen Artur Mas presidenteak botatakoa hordagoa besterik ez zela. Horregatik erabaki nuen liburua egitea. Azaldu nahi nuen Espainiako Konstituzionalaren Estatutuari buruzko sententziak eragindako umiltzea izan zela herri mugimenduaren pizgarria", adierazi du Castrok.

Arretxek bezala, Liz Castrok ere, iazko irailaren 11n jartzen du mugarria, nahiz eta mugimendua bera bi urte lehenago hasi lehen pausoak ematen. Haren esanetan, ordutik hona gertatzen ari denarekiko interesa handituz joan da, eta hori da liburuak ugaritu izanaren beste arrazoietako bat: "Kataluniatik kanpora, han gertatzen ari denari buruzko ezagutza handituz joan da. Mundua Bartzelonaren eta Kataluniaren xarmaz ohartu da, eta konturatu da Espainiatik desberdinak direla. Katalanez idatzitako kartelak eta esteladak ikusten dituzte, eta jakin-mina pizten zaie. Horren ondorio da herritarren %20 kalera irten denean independentzia eskatzera albistea munduko egunkari askok jaso dutela".

Liburu dendetan Kataluniako amets subiranistei erreferentzia egiten dieten lan asko eta desberdinak aurki daitezkeen arren, bi lerro nagusi aurki daitezke horietan: Espainiaren jarrera defendatu eta Kataluniakoa gutxi batzuen ameskeria gisa deskribatzen dutenak; besteak beste, Javier Barraycoaren Historias ocultadas del nacionalismo catalán (Nazionalismo katalanaren ezkutatutako istorioak) eta Gregorio Moranen La decadencia de Cataluña (Kataluniaren gainbehera); eta mugimendu independentista mendeetako zapalkuntzari aurre egiteko modu bakartzat jotzen dutenak, esaterako, Albert Ponten Delenda est Hispania (Espainiak suntsitua izan behar du), Vicent Partalen A un pam de la independencia (Independentziatik arra batera) eta Jofre Llombarten Desmuntant la caverna (Kobazuloa desegiten).

Moda hutsa baino gehiago

Espainiako Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuak onartutako estatutu proposamena atzera bota zuenean, haserrea zabaldu zen Kataluniako gizarteak. Gerora, berriz, ekonomia krisiak eta finantzaketaren auziak bi herrien arteko gatazka okerragotu du. Askok uste izan zuten, Madril aldean batez ere, laster baretuko zela samina. Lasaitu ordez, indarra hartuz joan da, ordea, eta horrek gizarteko alor guztietan izan du eragina, baita literaturan ere. Bestetik, datorren urtean betetzen dira 300 urte Espainiak Katalunia bere menpe hartu zuela, eta horrek ere eman du zer idatzi. Estatuaren iragana erabiltzen du hain zuzen ere Albert Sanchez Piñolek Victus eleberria sortzeko —35.000 ale saldu ziren aurtengo Sant Jordi egunean—. Arrakasta eduki duen beste liburu bat izan da Guillem H. Pongiluppi eta F. Xavier Hernandezen 1714. El setge de Barcelona (1714. Bartzelonaren setioa) ilustrazio liburua.

Inork ez du, ordea, uste datozen hilabeteetan jendearen interesak gutxitzera joko duenik, alderantziz baizik. "Ez da moda kontua. Krisi ekonomikoak eragin du Espainia eta Kataluniaren arteko harremanak okertzea, eta horrek berak bultzatzen du jendearen jakin-mina. Egoera honetan politikak eragin zuzena du gizartearengan, eta egun Kataluniaren geroa bilakatu da protagonista politiko nagusia", nabarmendu du Ester Pujolek. Harekin bat dator Castro ere. Egilearen iritziz, gainera, nazioartetik kidetasunez begiratzen diote Kataluniari. "Estatubatuarrok ere borrokatu behar izan ginen gure independentzia lortzeko, eta ulertzen dugu gauzak nork bere erara egin nahi izatea. Horretaz gain, jendea nekatzen hasia da globalizazioaz eta dena kontrolatu nahi duten multinazionalez. Uste dut Kataluniak bizi duen prozesua bultzatzen dutenek, tokian tokiko erabakiak hartu nahi dituztela, inongo multinazionalen apeten menpe egon gabe, eta nahi hori bera dute munduko beste txoko askotan ere, hortik interesa".

Dena den, merkatu zabalena Katalunian bertan dute liburuok; hori dela eta, izenburu gehienak katalanez daude. "Pentsatu izan dugu inoiz beste hizkuntza batean argitaratzea, baina argitaletxe txikia gara, eta horrek lan handia eskatzen du. Azaldu beharrik ez dagoen beste arrazoi batzuengatik hemengo jendea da halako lanen irakurle nagusia. Askori oraindik ez zaie ahaztu duela hiru urteko Espainiako Gobernuaren umiltzea —herritarren nahiaren aurka Estatutua murriztu zutenekoa—, eta horrek min handia egiten du. Herritarrek euren estatua eraikitzeko dauden aukera posibleak ezagutu nahi dituzte. Aldiz, kanpokoen interesa jakinmina da gehiago; izan ere, ez da independentziari buruz hausnartzen ari den Europako herrialde bakarra. Hor dago Eskozia ere", adierazi du Arretxek.

Alde horretatik, asko aldatu da irakurleen eskaria. "Duela bi urte, fikzioa eta ekonomiari buruzko lanak irakurtzen ziren gehien, eta autodeterminazioari buruzko liburuek beti piztu izan duten interesa. Iazko Diadatik aurrera, ordea, azken horiek dira, alde handiarekin, liburudendako erakuslehioa betetzen dutenak. Iazkoekin alderatuta, %70 inguru hazi da haien salmenta", azaldu du Mireia Valenciak, La Central liburudendako arduradunak. Saiakera horietako batzuen kasuan dagoeneko egin dira argitalpen bat baino gehiago. "Liburu haien arrakasta irakurleen eskariari lotuta dago. Horiek ohartu dira esku artean dutena ez dela panfleto hutsa, ondo oinarritutako analisia baizik. Hori da Delenda est Hispania -ren kasua. Uste dut liburu honekin lehen aldiz hitz egin behar izan dugula irabazien banaketari buruz", nabarmendu du Viena argitaletxeko arduradun Enric Viladotek. Aldiz, mugaren beste aldean arrakasta gutxi izan dute aurkariek. Izan ere, Espainian independentismoak nolabaiteko interesa piztu duen arren, krisia da oraindik ere protagonista nagusi eta bakarra. Ondorioz, oihartzun gutxi izan dute erabakitzeko eskubidearen aurkako argudioek.

Politikariak idazle

Kazetari, historialari eta ilustraziogileak daude liburu dendetan gehien eskatzen diren liburuen atzean. Baina badira bestelakoak ere. Castrok dioen moduan eurak izan direlako herritarrek sortutako mugimenduan azkena sartu direnak. What's up with Catalonia? lanean, esaterako, Mas presidenteak ez ezik, Kataluniako Batzar Nazionaleko buruak eta ERC Esquerra Republicana de Catalunyako presidente Oriol Junquerasek ere parte hartzen dute. "Batzuetan, politikak erakusten dio bidea gizarteari, baina Kataluniaren kasuan gizartea izan da norabidea erabaki duena. Iazko irailaren 11n milio eta erdi lagun atera ziren kalera Bartzelonan. Zergatik? Azken 35 urteotan Espainiarekin bat egiteko ahaleginak eta bi egin zituzten arren, eta Espainiako Gobernu eta buruzagiek ezarritako arau guztiak bete bazituzten ere, ohartu ziren Madrilek ez zuela emandako hitza betetzeko inolako asmorik. Oso argi utzi zuen hori Konstituzionalaren erabakiak. Eta hortik etorri da beste guztia ere", dio Castrok.

Geroa eta aukera posibleak aztertzeari ekin dioten politikarien artean daude ICV-EUiA Iniciativa per Catalunya-El Vertseko diputatu Jaume Bosch, De l'Estatut a l'autodeterminacio (Estatututik autodeterminaziora) liburuarekin, CiU Convergencia i Unioko Pere Macias diputatua La gran bacanal (Bakanal handia) lanarekin, eta ERC Esquerra Republicana de Catalunyako buruzagi ohi Joan Ridaoren, Podem ser independents? (Izan gaitezke independenteak?). Lehenengoan, izenburuak berak dioen moduan, Boshcek iragana aztertzen du egungo egoera azaltzeko, baina aldi berean, autodeterminazio eskubidea defendatzen du eta baita Kataluniaren antzeko prozesua bizi izan duten beste kasu batzuk aztertu ere, besteak beste, Quebec eta Puerto Rico. Oso bestelako analisia egiten du Maciasek, zeinak bere azken lanean Espainiak azken urteetan eraikitako hegazkinik gabeko aireportuen eta trenik gabeko geltokien ondorioak aztertzen dituen. Azkenik Ridaok balizko independentzia bat lortzeko gainditu beharreko oztopoez hitz egiten du bere lanean.

Hala ere, bidea luzea da oraindik, eta geroari buruzko galderak kontaezinak. Denborak erakutsiko du egindako iragarpenak egia bilakatzen diren edo literatura huts bihurtzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.