Abuztuaren erdialdera mundu zabaleko begirada anitz paratuko dira Mekara begira, han baitute hitzordua Ekialde Hurbileko egoeran erabakigarriak diren bi herrialdek, elkarrekiko etsai minak. Irango IRNA agentzia publikoak jakinarazi duenez, Saudi Arabiak «larrialdiko goi bilera batera» deitu du islamaren hiri santuan, eta agintari musulmanak gonbidatu ditu bertara, horien artean Mahmud Ahmadinejad Irango presidentea. Monarkia sunitaren eta errepublika xiitaren ordezkariak, beraz, mahai beraren inguruan jarriko dira «eremuko azken gertakariak» aztertzeko. Gai zehatzik aipatu ez duten arren, pentsatzekoa da herrialde arabiarretako matxinadak eta Iranen programa nuklearra eta horren ondorioz jasandako mehatxuek sor lezaketen egoera izanen dituztela mintzagai.
IRNAren arabera, Saudi Arabiako errege Abdullah bin Abdul Azizek hilaren 14an edo 15ean egin nahi du bilkura, herrialde arabiarretako «matxinada arriskuaz» mintzatzeko. Bilerak zer errana emanen du, kontuan hartuta Saudi Arabiak eta Iranek zer-nolako lehia duten —analista anitzek Gerra Hotza terminoa ere erabili dute—.
Libian, adibidez, Riadek parte hartze zuzena izan zuen Muammar Gaddafiren aurkako talde islamistak lagunduz, baina arreta gehiena inguruko herrialdeetan paratu du, bereziki Sirian, Bahrainen eta Jordanian. Sirian eta Bahrainen, bete-betean sartu da Iranen interesekin talkan. Sirian, Baxar al-Assad presidentea Iranen aliatua da, eta Saudi Arabiak haren aurkako talde matxinoei laguntzen die finantzaketa eta armak helaraziz, GCC Golkoko Lankidetzarako Kontseiluko kideekin batera —Saudi Arabiaz gain, Persiako golkoko bertze monarkiek osatzen dute taldea: Arabiar Emirerri Batuek, Bahrainek, Kuwaitek, Omanek eta Qatarrek—.
Monarkia sunitaren eta errepublika xiitaren arteko xake jokoan, Siria ezegonkortuta Teheranen aliatu bat kinka larrian uztea lortu du Riadek; Bahrainen bertzelakoa da egoera. Herritar gehienak xiitak dira —%70 inguru—, eta gutxiengo sunitak ezarritako diskriminazioaren aurka matxinatu ziren —errege familia ere sunita da—. Herrialde arabiarretako matxinaden artean, atzerriko indarrek zuzenean esku hartu zuten lehen kasua izan zen Bahrain. Bigarrena izan zen Libia, baina Afrika iparraldeko herrialdean ez bezala, Bahrainen ezarritako ordena babesteko sartu ziren atzerriko tropak —Saudi Arabiakoak eta Arabiar Emirerri Batuetakoak nagusiki—.
Riaden esku hartzeen helburua, bai matxinadak sustatzeko edo bai zanpatzeko, Iran ahultzea da, eta horrekin, baita xiiten mugimenduak ere, Saudi Arabiako monarkiak duen barne arazo larriena baitira. Herritarren %10-15 artean dira xiitak, baina Ekialdeko Probintzian, herrialdearen azaleraren herena inguru hartzen duena, %75 inguru dira. Iaztik hainbat aldiz egin dute protesta monarkia sunitak ezarritako diskriminazioaren aurka.
Herenegun arratsean, adibidez, bi lagun hil ziren Ekialdeko Probintziako Al-Qatif hirian izandako protestetan. Bertsio ofizialaren arabera, manifestazio baten ondoren hainbat lagunek soldaduei tiro egin zieten, eta militar bat eta manifestari bat hil ziren. Iragan azarotik 11 lagun hil dira Ekialdeko Probintzian; gobernuaren arabera, erasoen ondoren izandako tiroketetan, baina xiiten eskubideen aldeko taldeek diote militarrek manifestariak tirokatu dituztela.
AEBak, Saudi Arabiaren lagun
Saudi Arabia monarkia absolutista bat da; errege familiak du botere osoa, eta wahhabismoa bultzatzen du, hau da, islam sunitan oinarritutako lege islamiko hertsien aplikazioa. Hala ere, Siriari, Libiari edo matxinadetan murgilduta egon diren bertze herrialde batzuei ez bezala, Mendebaldeak, AEBak buru, ez dizkio aldaketa politikoak exijitu. Izan ere, Washingtonentzat berebiziko garrantzia duen aliatua da Riad, alde batetik, munduko petrolio ekoizle handiena delako, eta, bertzetik, Irani aurre egiteko ia ezinbertzeko laguntza ematen diolako.
Hitzordua Mekan
Saudi Arabiak herrialde musulmanen arteko bilkura bat antolatu du hil honetarako, eta Iran gonbidatu du bertara«Eremuko azken gertakariak» aztertuko dituzte islamaren hiri santuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu