Saharatik iritsi berria da Carlos Martin Beristain, han egon baita Hegoa institutuak eta Aranzadi fundazioak osatutako ordezkaritzarekin, Meheris-Amgalan (Mendebaldeko Sahara) aurkitutako gorpuzkinak senitartekoei emateko. Beristainek uste du horrekin "bide berria" zabaltzen dela sahararren giza eskubideen urraketak argitzeko.
Bide berri horretan barrena lehenengo urratsak baino ez dituzte egin. Hortik jarraitzeko asmoa dute: "Beste hobi batzuk aurkitu ditugu. Ikerketa aurreratuago egon arte, ez dugu horren inguruan xehetasun gehiago emango, baina badirudi batzuk hil zirela sahararren ihesaldian aurrera jarraitu ezinik, eta beste batzuk, aldiz, tiroz hil zituzten, balen aztarnak nabariak direlako".