Hogei hildako baino gehiago izan dira Kamerungo protestetan

Erredakzioa
2008ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Hogei hildako baino gehiago utzi dituzte asteon Kamerungo hirietan izan diren protesta ekintzek. Paul Biya Kamerungo presidenteak Konstituzioa aldatzeko iragarri zuen asmoak piztu zuen krisialdia. 2011 urteko bozetan berriz aurkeztu ahal izateko aldatu nahi du. Horrez gain, taxilariek astelehenean hasitako lanuzteak Biyaren erabakiak sortutako ezinegona areagotu egin zuen hein handi batean.

Erregaiaren prezioaren igoera salatzeko hasi zuten greba taxilariek. Dualan, lau hildakorekin hasi ziren protestak. Sindikatuek lanuztea gelditzea adostu bazuten ere, langileek entzungor egin zieten eta kaleko protestetan segitzea erabaki zuten asteazkenean. Egun horretan bertan hamalau pertsona gehiago hil ziren Poliziaren eta manifestarien arteko borroketan.



IKASLEAK GIZA EZKUTU. Milaka manifestari Bamenda hiriko hiru ikastetxeren barruan sartu ziren, atzo, Poliziarengandik ihesean. Era horretara, 2.000 ikasle giza ezkutu bezala erabili zituzten. Protestak Kamerungo hiri askotan zabaldu ziren, Jaunde hiriburuan eta Duala hirian batik bat. Iluntzean, ekaitzaren osteko barealdia nabari zen kaleetan, tentsioz beterikoa nolanahi ere. Zazpi hildako izan ziren atzo ere gutxienez. Kamerungo herritarrak ez dira ohiko bizimodura itzuli. Besteak beste, herrialdeko garraiobide publiko nagusia, taxia, geldituta dagoelako, eta lanera joateko arazoak dituztelako horren ondorioz.

Biya presidenteak atzo esan zuenez, eskura dituen baliabide oro erabiliko ditu aste honetako istiluak apaltzeko. «Ez dut onartuko inork herritarrak manipulatzerik». Oposizioko alderdiek protestetan parte hartzera dei egin zieten kamerundarrei. Ezberdintasunak gainditzeko bide bakarra elkarrizketa dela uste du Biyak. Hitzaldia amaitu orduko, ordea, Polizia Jaundeko unibertsitatean sartu zen eta ikasle ugari atxilotu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.