Hogeita zortzi izar Norvegian

Krisi sozial eta ekonomikoan murgilduta dagoen Europako Batasunari eman diote Bakearen Nobel saria, «adiskidetzearen alde» etxean egin duen lanagatik.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Zeru kolorekoa da EB Europako Batasunaren bandera, zeru horretan hogeita zazpi izar daude gaur egun, bat estatu kide bakoitzeko. Zerua infernu bilakatzen hasia ote den, ordea. Nazioarteko Diru Funtsak asteon errieta egin dio euroaren klubari, eta Batasuna nazioarteko finantza krisiaren erdigunean dagoela nabarmendu; Greziak Angela Merkelen aurpegia jarria dio bere eguneroko larriaren mamuari; alemaniar askok greziarrak eurogunetik kanpo utziko lituzkete; Portugalgo Gobernuak gero eta zailagoa du Bruselatik agindutako murrizketak egitea, herritarrak kalera irten zaizkiolako; erreskate hitza tabu bihurtua du Espainiako Gobernuak, eta gastuez gain, manifestazio eskubidea ere murriztu nahi du...

Norvegia ez da izar bat EBn. Bi aldiz eduki dute norvegiarrek bertan sartzeko aukera, bietan ezezkoa eman diote bozketa bidez: 1972an (%53,5 aurka) eta 1994n (%52,2 aurka). Osloko Nobel Akademia, hala ere, Batasuneko 28. izarra bihurtu zen atzo nolabait, Bakearen saria EBri emanda. Europa «gerra kontinente izatetik bake kontinente izatera» pasarazi du Batasunak, akademiaren esanetan. Adiskidetzea, demokrazia eta giza eskubideak zaintzenII. Mundu Gerra ostetik egindako lana goraipatu zuten sari-emaileek: «Europarentzako mezu bat da, orain arte lortutako guztiari eutsi eta aurrera egin dezan».

Lehen kritikak, etxean

Norvegian bertan entzun zituzten lehen ahots kritikoak. «Absurdua da. Latinoamerikan eta munduko beste bazter batzuetan oso desberdin ikusiko dute hau. Batasunamerkatari bloke bat da, eta herrialde askok pobre segi dezan ahalbidetzen du», adierazi zuen Heming Olaussenek, Norvegia EBn sartzearen kontrako plataformako buruak.

Zerutik eroritako oparia balitzbezala hartu zuten berria Europako agintari gehienek, hala ere. Europako Kontseiluko presidente Herman Van Rompuyren esanetan, sariak «historiako bakegile handienaren» rola onartzen dio EBri.

Alemaniako kantziler Angela Merkeli «zoragarria» iruditu zitzaion albistea. Jose Manuel Durao Barrosori, berriz, «ohore handia». NATOko idazkari nagusi Anders Fogh Rasmussenek berehala zoriondu zuen Batasuna, NATOko «ezinbesteko» kide dela erantsita: «Batasunak ekarpen handia egin du askatasunean, demokrazian eta giza eskubideetan aurrera egin dadin kontinente barruan eta kanpoan».

Grezian ez zuten hain gustura hartu albistea. «Hipokrisia hutsa da. Eskubide sozialei gerra agerikoa egiten ari zaizkie Batasuna, eta gerra horren biktima diren Europako herriei irain egiten die sariak», adierazi zuen prentsa ohar baten bidez Greziako oposizioko Siriza alderdiak. Gsee Greziako Langileen Konfederazio Nagusiko eledunak, Stazis Anestisek, gerra ekonomikoa aipatu zuen: «Sariak argi uzten du EBren erantzukizunaEuropa hegoaldean milaka biktima dituen gerra ekonomikoan».

Alfredo Perez Esquivel argentinarrak 1980an jaso zuen Bakearen Nobel saria, eta EBren beste izar bat ekarri nahi izan zuen gogora: sheriff-arena. «Sariak atentzioa deitzeko keinu bat behar du izan, Europak beste kontinenteetan dituen esku sartze militarrak geldi ditzan». Barack Obamari 2009an —AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente kargua hartu eta hilabete gutxira— emandako Bakearen Nobel saria eta atzokoa, Esquivelen esanetan, «ez dira NATOren jardunaren justifikazio bihurtu behar».

Lehengo eta oraingo gatazkak

Munduko hainbat gatazka gunetan rol oso garrantzitsua jokatu izan du eta jokatzen du, izan ere, Batasunak. Batasuneko kide batzuek, bereziki. Deskolonizazio prozesuetan, hasteko; kolonizazio osteko gaztaketan, segitzeko. Ildo beretik jo zuen Ludmila Alexeieva ekintzaile errusiarrak: «Ez dut entenditzen EBri bakearen sari bat ematea. Horko herrialdeek Irakeko eta Afganistango gerretan parte hartu zuten, eta beste gatazka batzuetan ere bai». 85 urte ditu Alexeievak, eta aurtengo Bakearen Nobel saria jasotzeko hautagaietako bat zen.

Amnesty International erakundearen arabera, Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua beti daude hirugarren, laugarrenedo bosgarren postuetan munduko arma esportatzaile handienen zerrendan, eta Afrikako, Asiako, Ekialde Hurbileko eta Hegoamerikako herrialde ugaritara —Horietako asko kolonia izan zituzten— saltzen dituzte beren armak. EuropakoBatasunak iaz deabrutzat jo zuen Libiako buru Muammar Gadafiri armak urte askoan saldu izan dizkiote hiruek, esate baterako. Franztiak eta Alemaniak Egiptoko Armada armaz hornitu zuten, baita ere, Mubaraken garaian. Eta orain denen arerio den Baxar Al Assaden erregimenari, AIren esanetan, Frantziak munizioa saldu zion 2005 eta 2009 bitartean.

Der Spiegel astekari alemanak inozoaa ez den galdera egin zuen atzo: nor joango da saria jasotzera? Erakunde bati eman zaiolako saria, eta erakunde horrek adar eta ordezkari asko dituelako, hautesleen babesik gabe batzuk, itzal ilunekoak zenbait. EB ordezkatuko lukeen pertsona adostu behar litzatekeela dio Alemaniako hedabideak, eta Merkel ez litzatekela ordezkari ona. Abenduaren 10eko sari banaketarakoaukeratu beharko dute hartzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.